Mundua
Frantzia
Agentziak | EITB Media
Frantziako lehen ministroak Gizarte Segurantzarako aurrekontua dekretuz eta bozketarik gabe onartu ostean, ezkerreko Fronte Popularrak eta Marine Le Penen eskuin muturrak zentsura-mozio bana aurkeztu dute Frantziako lehen ministroaren aurka. Barnierren aurkako zentsura-mozioa asteazkenean izango da.
Michel Barnier Frantziako lehen ministroa Asanblea Nazionalean. Artxiboko argazkia: EFE
Agintean apenas hiru hilabete egin ostean, Michel Barnier lehen ministroa buru duen Frantziako Gobernua erortzeko zorian da.
Ezkerreko Fronte Popularrak eta Fronte Nazionalak zentsura-mozio bana aurkeztu dute Frantziako lehen ministroaren aurka, horrek Gizarte Segurantzarako aurrekontua dekretuz eta bozketarik gabe onartu ostean.
Zentsura-mozioak asteazkenean hasiko dira bozkatzen, 16:00etatik aurrera, Asanblea Nazionalak baieztatu duenez. Ezkerreko alderdiaren zentsura-mozioa eztabaidatuko da lehendabizi, eskuin muturreko alderiarena baino lehen aurkeztu zelako.
Eskuin muturreko buruzagiaren 140 diputatuak funtsezkoak dira eskuineko Gobernuak biziraun dezan, eta Le Penek iragarri du zentsura-mozio propioa aurkeztuko dutela. Hala ere, ezkerraren mozioa babestea ez du baztertu.
Barnierrek 211 diputatu baino ez ditu 577 ordezkariko Asanblada batean, eta horrek ia guztiz bermatzen du zentsura-mozioak kargutik kenduko duela. Izan ere, Frantzian ez da egiten mozio konstruktiborik, Gobernua kentzeko funtzioa dute, besterik ez. Asteazkenera arte Saudi Arabian dagoen Macronek izendatu beharko du Gobernu berria.
Jarrera horrekin, irailaren 5ean izendatutako Barnierren Gobernuaren azken orduak izan daitezke, baina Le Penek garrantzia kendu nahi izan dio hartutako erabakiari: "Iazko aurrekontuak aplikatuko dira, beste lehen ministro bat egongo da, eta beste aurrekontu bat hartuko du".
"Frantsesek ez dute ikaratuta egoteko arrazoirik. Herrialdearen defizit handiaren eta langabeziaren igoeraren beldur izan behar dira, azken zazpi urteetako politiken erruz", azpimarratu du.
Pentsioen igoera atzeratzea eta sendagai batzuk diruz laguntzeari uztea
Le Penek Barnierri leporatu dio Macronen politikekin jarraitu nahi izana, eta garrantzia kendu die lehen ministroak aurrekontuen negoziazioan azken egunotan egin dizkien kontzesioei.
Gainera, kritikatu egin du horietako azkena ez onartzea, hau da, 2024ko inflazioa apaltzeko 2025ean pentsioen igoera urte erdi atzeratzeari uko egitea.
Ziurtatu du bere betebeharra Gobernuaren neurrien aurrean "frantziarrak defendatzea" dela, eta erantsi du Barnierrek "murrizketen eta diru-sarrera berrien" inguruan egindako proposamenak ez dituela kontuan hartu.
Gaur goizean bertan Barnierrek sendagai jakin batzuk diruz laguntzeari uzteko hartutako erabakiari buruz, Le Penek adierazi du 500 milioi euro baino ez direla.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa