16:54

Mundua

Ekialde Hurbila

Israelek Libanoren aurkako eraso andana abiarazi du, su-eten baten itxaropena zabaldu den arren

Agentziak | EITB Media

Armada sionistak Beiruten kontra eraso egin du berriro. Eguneko lehen orduan Libanoko hiriburuaren aurkako bonbardaketa andana egin du, balizko su-eten akordio bati buruzko informazioa zabaldu den arren. Bitartean, Gazaren kontrako erasoek ez dute etenik.

  • Israelek egindako bonbardaketa, Beiruten (Libano). Argazkia: EFE

    Israelek egindako bonbardaketa, Beiruten (Libano). Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Israelgo Armadak eraso gehiago egin ditu gaur Hezbollah alderdi xiitaren ustezko helburuen aurka, Libanoko hiriburuan, eguneko lehen orduan hiriaren kontrako bonbardaketa andana baten ostean eta balizko su-eten akordio bati begira emandako aurrerapausoen inguruko zurrumurruen erdian. Bitartean, Gazako Zerrendan ere etengabe ari da erasoak egiten Estatu sionista.

The Times of Israel egunkariak aipatutako iturri ofizialek jakitera eman dutenez, Benjamin Netanyahu lehen ministroak segurtasun kabinetearen bilera deitu du AEBk egindako su-eten proposamena aztertzeko.

Libanok, bestalde, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 1701 ebazpena aplikatu nahi duela azaldu du. Ebazpen hori 2006an onartu zen, Israelen eta Hezbollahren arteko gatazkaren ondoren, eta alderdi-miliziako indarrak Litani ibaitik iparraldera erretiratzea aurreikusten du. Ondoren, eremu horretan Libanoko Armada zabaldu beharko litzateke, NBEren indarrekin (UNIFIL) batera.

Urriaren 1ean, Israelek beste inbasio bat martxan jarri zuen Libanon, hainbat astez herrialdearen aurkako bonbardaketa eta eraso gogorrak izan ondoren, Hezbollahk erabilitako milaka komunikazio-gailuren leherketa koordinatua eginda, esaterako. Libanok 3.700 hilketa baino gehiago salatu ditu 2023ko urriaren 8an erasoak hasi zirenetik.

Israelen erasoek eragindako suntsipena, Beiruten (Libano). Argazkia: EFE

Israelen erasoek eragindako suntsipena, Beiruten (Libano). Argazkia: EFE

Itxaropenik ez Gazan

Bitartean, Gazan erreskate-anbulantzien ardura duten Defentsa Zibileko taldeek 35 bat egun daramatzate Beit Lahia, Beit Hanoun eta Yabalia iparraldeko hirietan sartu gabe. Bertan, Israelek 2.300 palestinar baino gehiago sarraskitu ditu 52 eguneko bonbardaketa eta setio militarrean.

Giza eskubideen aldeko taldeek uste dute hori iparraldea "garbitzeko" eta biztanleria zibilaren desplazamendua behartzeko saiakera bat dela, eremu hori indar okupatzaileak har dezaten prestatzeko, Tel Aviveko Gobernuko alderdi ultraeskuindarrek argi eta garbi eskatzen duten bezala. Libanon su-eten bat egotea Netanyahuren "kontzesioa" izan liteke, bete tropak Zerrendan egon daitezen.

Gaur gutxienez hamaika pertsona hil dituzte Israelek Al Hurriya eskolaren aurka egindako bonbardaketan. Gaza Hiriaren hegoaldean dago. Defentsa Zibileko taldeek hondakinen artean biktimak ateratzen jarraitzea azail ikusten dute, oraindik zartarazi gabeko lehergailu bat dagoelako. Irailaren 21ean, Al Hurriya eskola bera Israelen bonbardaketa baten jomuga izan zen, eta orduan 44 pertsona hil zituzten, haurrak barne, tokiko iturrien arabera.

Gainera, Defentsa Zibilak salatu duenez, ezein ibilgailuk ezin du lan egin Gazako hiriburuan, Israelek erregaia sartzen uzteari uko egin diolako, eta hori "heriotza-zigorra da bertako herritarrentzat".

Gazako Zerrendako agintarien arabera, gutxienez 44.250 pertsona inguru hil ditu Israelek gatazka areagotu zenetik. Gazako buruzagiek behin baino gehiagotan gogorarazi dute gutxienez 10.000 pertsona desagertuta daudela. Bestalde, bigarren ohar batean adierazi duenez, 1.410 familia "erabat garbitu" dituzte 2023ko urriaren 7tik, kide bat bera ere ez baitute bizirik.

Azkenik, azpimarratu du Israelen tropek 7.160 sarraski egin dituztela erasoaldia hasi zenetik, eta gaineratu du 3.463 familia palestinarrek bizirik dirauten kide bakarra dutela Israelen erasoen ondorioz.

Itsasoko urak errefuxiatu palestinarren kanpin-dendak eraman ditu Khan Younisen (Gaza). Argazkia: EFE

Itsasoko urak errefuxiatu palestinarren kanpin-dendak eraman ditu, Khan Younisen (Gaza). Argazkia: EFE

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena