Mundua
Krisi klimatikoa
agentziak | eitb media
Herrialde garatuek txalotu egin dute akordioa, baina garatze bidean daudenek eta talde ekologistek gogor kritikatu dute, aurreikuspenak ez direla bete iritzita.
Ordezkariak akordioa txalotzen, COP29an. Argazkia: EFE
COP29ak lortu du azkenean akordioa, bi asteko negoziazio gogorren, krisialdien uneen eta amaierako kaosaren ostean. Hala, herrialde aberatsenek garapen bidean daudenei urtero 300 mila milioi dolar ematea adostu dute, herrialde horiei krisi klimatikoari aurre egiteko neurriak hartzen laguntzeko.
Bakuko (Azerbaijan) goi-bileran elkartu diren 200 herrialdeek, beraz, finantziazio klimatikoaren inguruko helburu berri bat adostu dute, eta hirukoiztu egin dute bideratuko duten diru kopurua, aurreko akordioak 100.000 milioi dolar aurreikusten baitzituen.
Negoziatzaileek azken bi asteak eman dituzte Azerbaijanen helburu horren inguruko xehetasunak zehazten. 2035erako urtean 1,3 bilioi dolar bideratzea adostu dute, baina horietako 300.000 milioi soilik eman beharko dira laguntzen eta babes publikoa duten funts pribatuen bitartez.
Osoko bilkuran zain zeuden ordezkari, kazetari eta ikus-entzuleak txaloka eta oihuka hasi dira COP29aren presidenteak, Mukhtar Babayevek, akordioa lortu dutela iragarri duenean; izan ere, 32 orduz etenik gabe aritu dira hitz egiten azken unean akordioa ixteko.
Finantza arkitekturaren erreforma
Bakuko goi-bilerarekin, herrialde aberatsek Hegoalde Globaleko herrialdeei trantsizio ekologikorako neurriak hartzen laguntzeko konpromisoa hartu dute, hain zuzen ere, horiek baitira berotzearekiko ardura gutxien daukatenak eta, aldi berean, ondorio larrienak pairatzen dituztenak.
Garatze bidean dauden herrialdeek azken urteetan egindako beste aldarrikapenetako bat ere jasotzen da testuan: nazioarteko finantza arkitekturaren erreforma.
Erreforma horrekin, garatze bidean dauden herrialdeek finantziazio klimatikoa jasotzeko dituzten "oztopoak" kentzea bilatzen dute, muga fiskalak eta "zor maila jasanezina" deuseztatuz, besteak beste.
Era berean, herrialde txiroenetan klima-aldaketaren "kalteei erantzuteko eta horien aurrean egokitzeko baliabide publikoak, laguntzak eta oso baldintza onetan emandako finantziazioa" errazteko neurriak hartzea proposatzen du testuak.
300.000 milioiko geruza
Nazio Batuen Erakundeko goi mailako ekonomialarien taldeak egindako txostenaren arabera, urtero 2,4 bilioi dolar beharko dira trantsizio eta egokitzapen klimatikorako Hegoalde Globalean 2030erako, baina horietatik 1,4 bertako herrialdeek ordaindu ahal izango dituzte eta gainerakoa kanpotik iritsi beharko da.
Bakun hitzartutako helburu ekonomiko berriarekin, estatu aberatsenek 1,3 bilioi dolar bideratuko dituzte urtero 2035etik aurrera, baina 300.000 milioiko geruza bat ziurtatuz.
Garapen bidean dauden herrialdeek COP29aren hasieran proposatu zuten zenbateko altu hori 2030erako, eta ziurtatu beharreko geruza 500.000 milioi dolarrera iristea eskatzen zuten.
Geruza hori, helburuaren "bihotza" ere deitzen zaiona, "askotariko iturrietatik" iritsiko da, publikotik, pribatutik eta abar.
Kategoriak
Akordioak oinarri dituen herrialde "garatuen" eta "garatzen bidean" daudenen kategoriak 1992an ezarritakoak dira, NBEren Klima Aldaketari buruzko Batzarra jaio zenean.
32 urte geroago, baina, zenbat erakundek, tartean AEBk eta Europar Batasunak, diote mundua aldatu egin dela, eta jada ez daudela garatze bidean Txina, Arabiar Emirerri Batuak edo Kuwait, besteak beste.
Lur lehorra. Argazkia: EFE
Laudorioak eta kritikak
Herrialde aurreratuen txaloak eta gainerako herrialdeen eta talde ekologisten kritikak jaso ditu itunak.
Chandni Raina Indiako ordezkariak, Finantza ministro ere badenak, esan du ez dela justua, eta nazioak baztertzen dituela. "Gogo txarrez diot dokumentu hau ilusio optiko bat besterik ez dela. Gure ustez, ez dio aurre egingo aurrean dugun erronka erraldoiari", adierazi du.
Zentzu berean, Nigeriako ordezkariak esan du testua "txantxa bat" eta "iraina" dela.
Boliviakoak, berriz, ohartarazi du aurrerantzean "herrialde bakoitzak bere ongizatea besterik ez" duela bilatuko; izan ere, horren ustez, laguntza klimatikoa ezin da karitate kontu bat izan, "betebehar bat" baizik.
Greenpeacek errefusatu egin du akordioa "nahikoa ez" dela iritzita. "Gure etorkizuna eta gure haurrena dago jokoan", salatu du Jasper Inventor Greenpeaceren ordezkariak.
Joe Biden AEBko presidenteak, berriz, txalotu egin du "emaitza historikoa", eta "urratsak" egiteko deia egin die "herrialde guztiei", "2035erako finantziazio klimatikoaren helburua betetzeko".
Alemaniak ere begi onez jo du testua, eta garatze bidean dauden herrialdeekiko ardura gogorarazi du Annalena Baerbock Atzerri Gaietarako ministroak: "Badakigu gure gaurko erabakiak ez direla nahikoa izango behar guztiak asetzeko".
Wopke Hoekstra EBren Klima Ekintzarako komisarioak esan du "mundu hobe batean sinesten dutenek irabazi" dutela, eta "aro berri bat" hasiko dela "klima-aldaketaren aurkako borrokaren finantziazioan".
Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak esan du aurrera egiten jarraitzeko "oinarria" dela akordioa, baina gehiago espero zuela aitortu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa