Mundua
ISRAEL
AGENTZIAK | EITB Media
Halaber, Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministro izandakoa eta Mohamed Diab al Masri Hamasen goi karguduna atxilotzeko ere eskatu du. Netanyahuren iritziz, "antisemita" da agindua. Auzitegiko kide diren 124 herrialdeak behartuta daude haren ebazpenak onartu eta betetzera.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Nazioarteko Zigor Auzitegiak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Yoav Gallant Defentsa ministro izandakoa atxilotzeko agindu du, Gazako Zerrendan 2023ko urriaren 8az geroztik egindako gerra krimenengatik eta gizateriaren aurkako krimenengatik, Hagako auzitegiak ohar bidez jakinarazi duenez.
Halaber, Hamasen adar militarreko buru Mohamed Diab al Masri "Abu Deif" atxilotzeko ere eskatu du. Uztailaren 13an Khan Yunisen (Gaza) aurka egindako erasoan hil zuela ziurtatu zuen Israelek, baina talde islamistak ez du horrelakorik baieztatu. Azken hilabeteetan, Israelek Hamasen hainbat lider hil ditu, tartean, Yahya Sinwar eta Ismail Haniyeh.
Gosea gerra estrategia gisa erabiltzea eta gizateriaren aurkako krimenak egitea leporatzen diete, tartean, hilketak, jazarpenak eta bestelako ekintza ankerrak.
Gainera, Gazako Zerrendan "zibilen aurkako erasoak nahita egitearen" erantzule egin ditu.
Fiskaltzak hiru horiek atxilotzeko agindua eman zuen maiatzean, eta, orain, Nazioarteko Zigor Auzitegiak aurrera egin du.
Israelen ustez, "antisemita" da agindua
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak "antisemitatzat" jo du bera atxilotzeko agindua, eta Hagako gorteari "erakunde politiko partziala eta diskriminatzailea" izatea leporatu dio. Netanyahuren hitzetan, "Israelen aurkako ezein erabakik ez dio Israelgo Estatuari herritarrak defendatzea galaraziko". Gainera, azpimarratu du ez duela amore emango presioen aurrean, eta "Hamasen eta Irango ardatz terroristaren aurkako gerra justua" hasi zuenean ezarritako helburu guztiak betetzen jarraituko duela zin egin du.
Isaac Herzog Israelgo presidenteak "egun iluntzat "jo du gaurkoa. Hagaren agindua "aliatuek naziak garaitu zituztenetik gaurdaino justiziaren alde borrokatzen diren guztien sakrifizioari iseka egitea da", esan du ohar ofizial batean.
Israel Katz Defentsa ministroak ere "antisemitismoz tindatutako lotsa morala" dela esan du.
Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionaleko ministro ultraeskuindarraren hitzetan, Nazioarteko Zigor Auzitegia "muineraino antisemita" da. Atxilotze-aginduen erantzuna "Judea eta Samaria (Zisjordania) lurraldeen gaineko subiranotasuna betearaztea, herrialde osoa kolonizatzea eta agintari terroristekin loturak haustea" izan behar dela ziurtatu du, "zigorrak barne" (Palestinako Aginte Nazionalaren aurkakoak).
Nazioarteko erreakzioak eta betebeharrak
Hamasek pozik hartu du Nazioarteko Zigor Auzitegiaren erabakia. Bozeramaile baten hitzetan, "nazioarteko justizia erakunde sionistaren aurkako borrokan gurekin dagoela erakusten du".
Benjamin Netanyahu eta haren aurreko Defentsa ministro Yoav Gallant atxilotzeko aginduak gorteko estatu kideek egingo dutenaren mende daude orain.
Gortearen sorrerako estatutuak behartu egiten ditu 124 estatu kideak gortearen atxilotze-agindua duen edozein pertsona atxilotu eta entregatzera, euren lurra zapalduz gero. Baina auzitegiak ez du bitartekorik atxiloketa hori betearazteko. Ez du polizia-indarrik, eta, beraz, estatu kideek edo estatu laguntzialeek egin beharreko kontua da. Praktikan, irudi aldetik izan dezakeen kostu politikoaz harago eta belarri-tiratze diplomatikoaz harago, atxilotze agindua ez betetzeak ez dakarkie aparteko ondoriorik estatuei. Kontuan hartu behar da, halaber, AEB eta Israel ez direla estatu buruzagien inmunitatea onartzen ez duen auzitegi bakarraren kide.
AEBk errefusatu du dagoeneko "Gorteak Israelgo goi-funtzionarioak atxilotzeko agindua ematea", eta aliatuekin koordinatzen ari dela adierazi du, tartean, Israelekin, eman beharreko "hurrengo pausoen" inguruan.
Hegoafrikak Israel salatu zuen Nazioarteko Justizia Gortearen aurrean Gazako Zerrendan ustez genozidioa egiteagatik, eta Hegoafrikako Gobernuaren ustez atxilotzeko agindua "justiziarantz pauso esanguratsua" da. Azpimarratu duenez, "Hegoafrikak Nazioarteko Zuzenbidearekin duen konpromisoa berresten du eta estatu kide guztiei Erromako Estatutuan dituzten betebeharren arabera jokatzeko eskatzen die".
Betebehar horri buruz hitz egin du, hain zuzen ere, Josep Borrell EBren Kanpo Politikako goi-ordezkariak ere, eta Jordaniatik gogorarazi du agindua "loteslea" dela hogeita zazpi herrialdeentzat, horiek guztiak Estatutuaren parte baitira. "Ez da erabaki politiko bat, nazioarteko justizia auzitegi baten erabakia da, eta auzitegien erabakiak errespetatu eta bete egin behar dira", azaldu du.
Human Rights Watch (HRW) erakundeak txalotu egin du Auzitegiaren erabakia. Erakundearen arabera, erabakiak "gizabanako batzuk legearen gainetik dauden pertzepzioa eraisten du, eta are garrantzitsuagoa da hori, justiziaren norabidea oztopatzeko saiakera lotsagabeak izan direnean", adierazi du Balkees Jarrah HRWko nazioarteko justizia zuzendariak.
Hala ere, aginduaren eraginkortasuna erlatiboa dela azpimarratu du: "Gobernuek justizia babesteko duten borondatearen araberakoa da, berdin izanik ere gehiegikeriak non egin ziren eta nork egin zituen".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa