13:00

Mundua

Indarkeria matxista

Gisele Pelicotek aurre egin die bere erasotzaileei azken deklarazioan: "Koldarkeriaren epaiketa da"

Agentziak | EITB Media

Dominique Pelicoten emazte ohiak nabarmendu duenez, "bada garaia bortxaketei garrantzia kentzen dien gizarte patriarkal honek begiak zabaldu eta begirada alda dezan". Kalkulatu du ia 10 urteko epean gizonak 200 bat sexu eraso egin zizkiola.

  • Gisele Pelicot, Aviñongo epaitegira bidean, gaur goizean.

    Gisele Pelicot, Aviñongo epaitegira bidean, gaur goizean. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gisele Pelicot gogor mintzatu zaie drogen eraginpean zela sexu erasoa egin zioten 51 gizonei, tartean, Dominique senar ohiari: "Koldarkeriaren epaiketa da honakoa". Izan ere, egindakoa aurpegiratu die, "amorrua sentitzen dut gizasemeok ez zutelako inoiz gelditu, ez zutelako salatu. Euren irrika sexualak asetzera etorri ziren. Geldi zitezkeen, baina bakar batek ere ez zuen salatu. Arreta ematen dit horrek", oihu egin du haiengana begiratuta eta atzamarraren seinalatuta. 

Dominique Pelicot senar ohiaren eta gainerako 50 gizonen kontrako epaiketa egiten ari dira Avignongo Zigor arloko Epaitegian, eta gaur azkenekoz deklaratu du Gisele biktimak. Horren ustez, "bada garaia bortxaketei garrantzia kentzen dien gizarte patriarkal honek begiak zabaldu eta begirada alda dezan". 

Salatu duenez, epaiketa hasi zenetik "gauza onartezinak" entzun ditu, jakin bazekien arren epaiketa atea zabalik eginda "bere burua arriskatzen" ari zela —biktima babesteko, ateak itxita egin ohi dira halakoak, baina Giselek saio irekiak nahi zituen, "lotsa aldez aldatu zedin"—. 

Emakumeak egindako kalkuluen arabera, ia 10 urtez antolatu zituen senar ohiak bera bortxatzeko saioak, eta horietan 200 bat sexu eraso pairatu zituen Dominique beraren eta beste hamarnaka gizonen aldetik. "Inoiz berreskuratuko ez ditudan 10 urte galdu ditut", ekarri du gogora egun 72 urte dituen andreak. "Orbaina ez da inoiz itxiko", erantsi du.

Bestalde, Dominique Pelicotek azaldu du zergatik drogatu zuen bere emaztea hamar urtez bortxatzeko eta gizon askori eskaintzeko: "menderatzea nahi nuen", baina "sufriarazi gabe". Aitortu duenez, "emakume intsumiso bat menderatzea nire mamua zen", baina aldi berean "sufriarazi gabe".

"Gezurretan hilko zara", oihukatu du Caroline Darianek, Dominique Pelicoten alabak, aita deklaratzen ari zenean. "Ez duzu egia esateko adorerik, ezta zure emazte ohiari buruz ere. Gezurretan hilko zara. Bakarrik zaude gezurrean. Pena da, ez duzu kemenik", oihukatu du auzitegiko aretoan.

Darianen argazki batzuk, itxuraz lotan (aitak drogatuta zegoela dio), erakusten ari ziren unean oihukatu du alabak. Dominique Pelicotek esan du ez duela gogoratzen argazkiak atera izana, baina Poliziak konfiskatu zion material grafiko eta ikus-entzunezko askorekin batera agertu ziren.

"Ez naiz gogoratzen argazki horiek atera izanaz. Berak dioenez, bera da, ni ez naiz gogoratzen. Begiei esaten diet ez dudala inoiz alaba ukitu. Triste nago, Caroline ez dizut inoiz ezer egin, inoiz ez", ziurtatu du akusatuak negarrez.

Orduan, Darianek eten egin du aita, eta honek ziurtatu du ez zuela inoiz bere alabaren aurkako deliturik egin, nahiz eta bera ziur egon beste biktima bat izan zela.

Eraso matxistak Pelicot familiak Mazanen, Avignonetik gertu, zuen etxean jazo ziren. Dominiquek antsiolitikoak ematen zizkion emazteari, eta hura korderik gabe zegoenean, beste gizon batzuk gonbidatzen zituen —hitzorduak egiteko plataformen bidez bilatzen zituen— sexu erasoa egiteko. Bortxaketen ostean, Gisele ez zen ezertaz gogoratzen. Dominique Pelicotek erasoak grabatu eta argazkiak ateratzen zituen, eta hain justu, irudiok bilakatu dira epaiketaren proba nagusi. 

Epaiketa azken txanpan dago. Gisele Pelicoten azken hitzen ostetik, Dominique akusatuaren txanda izango da. Bihar, asteazkenarekin, egingo du akusazio partikularrak zigor eskaera, eta datorren astean Fiskaltzaren txanda izango da. Azkenik, defentsako abokatuek euren ondorioak zabalduko dituzte. 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena