Itxi

Mundua

AEB

Trumpek Robert F. Kennedy Jr. txertoen aurkakoa aukeratu du Osasun idazkari izateko

Agentziak | EITB Media

Kennedytarren 'ardi beltza'k —hautagai demokrata izan zen; ondoren, independentea, eta azkenik, Trumpen babesle— zuzenduko du osasun arloa. Horren ustez, txertoek autismoa sorrarazten dute eta tiroketak Prozacen kontsumoaren eraginez gertatzen dira.

  • Kennedy, Trumpen mitin batean.

    Kennedy, Trumpen mitin batean. Artxiboko argazkia: EFE

Donald Trump AEBko presidente hautetsiak txertoen kontrakoa den Robert F. Kennedy Junior jarriko du bere kabineteko Osasun Idazkaritzaren arduradun.

Trumpek Truth Social sare sozialean argitaratuko mezu batean esan duenez, herritarren osasuna zaintzea "Administrazioko posturik garrantzitsuena da", eta deitoratu duenez, "denbora larregiz eta engainua, desinformazioa eta manipulazioa erabilita, farmazia enpresek eta elikagai industriak zanpatuta izan dituzte estatubatuarrak". 

Buruzagi errepublikanoaren ustez, Osasun Idazkaritzak paper garrantzitsua izango du herritarrak "substantzia kimiko kaltegarri, kutsakor, pestizida, farmazia produktu eta elikagai gehigarrietatik babesteko"; izan ere, horiek eragin dute "osasunean dagoen krisi larria". 

"Erreferentziazko eta maila handiko ikerketa zientifikoa eta gardentasuna euren onera etorriko dira horri esker, eta, hala, gaixotasun kronikoen epidemia bukatuko da", bere hitzetan. "Egin dezagun AEB handi eta osasuntsu berriro!", aldarrikatu du. 

Kennedyk X sarean emandako babesa eskertu dio Trumpi. "Ausardia eta lidergoa erakutsi dituzu, zerbitzari publiko zintzoa izango naiz", agindu du. 

Negazionista amorratua

Robert F. Kennedy Junior izen bereko AEBko fiskal nagusi ohiaren semea eta John F. Kennedy presidente izandakoaren iloba da, biak ala biak 60ko hamarkadan erailak. Ibilbide politiko aldakorra izan du Kennedyk azken hilabeteotan: aurrena, hautagai demokrata izan zen; gero, independente gisa aurkeztu zen, eta azkenik, abuztuan, Trump babestu zuen.  

Kennedytarrek babesa kendu zioten, politikariak erakutsitako ideia konspiratzaileak tarteko. Pandemia garaian, birusa kaukasoarrak eta beltzak hiltzeko sortu zutela zabaldu zuen, eta txinatarrak eta judu askenaziak immuneak zirela. 

Defendatu duenez, tiroketak Prozac depresioaren kontrako botikaren kontsumoaren eraginez gertatzen dira, eta txertoek autismoa sorrarazten dute.