18:04

Mundua

Israel

Israel Gazan egiten ari denak "genozidioaren ezaugarriak ditu", NBEren batzorde berezi baten esanetan

Agentziak | EITB Media

Adituek zehaztu dutenez, gerraren hasieratik "Israelgo agintariek publikoki babestu dituzte palestinarrei bizitzeko behar oinarrizkoenak ere ukatzen dizkieten politikak", besteak beste, janaria, ura eta erregaia.

  • Familia bat, Khan Younisko kanpalekuan. EFE.

    Familia bat, Khan Younisko kanpalekuan. EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Israelek lurralde okupatuetan egindako gehiegikeriak ikertzen dituen NBEko batzorde bereziak ondorioztatu duenez, Israelgo Defentsa Indarrek erabiltzen dituzten politikek eta praktikek "genozidioaren ezaugarriak dituzte", eta, horregatik, horiek prebenitzeko neurriak hartzeko deia egin dio nazioarteari.

2023ko urriaren 7tik 2024ko uztailaren 31ra bitarteko aldia aztertzen duen txosten mardul batean (irakurri, hemen), adituek zehaztu dute gerraren hasieratik "Israelgo agintariek publikoki babestu dituztela palestinarrei bizitzen jarraitzeko behar oinarrizkoenak ukatzen dizkieten politikak", besteak beste, janaria, ura edo erregaia. Gosea "gerrarako arma" bihurtu dela nabarmentzen dute, eta "Palestinako herritarrei zigor kolektiboa ezartzeko" borondatea dagoela, Hamasen atentatuen errepresalia gisa.

Goi kargudunen adierazpenek eta laguntza humanitarioari "sistematikoki eta legez kanpo" sarrera oztupatzeak "argi uzten dute" NBEko Batzorde Bereziarentzat Israelek helburu politiko zein militarretarako baliabide oinarrizkoenak "instrumentalizatu" nahi dituela. Gaineratu dutenez, erasoaldiak "krisi nahasketa hilgarria sortu du, eta horrek kalte larriak eragingo dizkie datozen belaunaldiei".

Era berean, zalantzan jarri dute Israelek bonbardaketak egiteko orduan duen zuhurtzia. Izan ere, inteligentzia artifiziala "giza-gainbegiratze guxtienekoarekin" erabiltzeak eta bonba "astunak" erabiltzeak esan nahi du Israel ez dela bere "helburua" betetzen ari, biztanleria zibilarengan albo-ondorioak saihesteko.

Israelek deiei eta irizpenei muzin egin die

Batzordeak Israelgo agintariak kritikatu ditu, diskurtso publikoa kontrolatzeko ahaleginen barruan, hedabideetan zentsura sustatzeagatik, informaziorako sarbidea blokeatzeagatik eta disidentzia erreprimitzeagatik. Gainera, Ekialde Hurbileko errefuxiatu palestinarrei laguntzen dien NBEren agentziaren (UNRWA) eta, oro har, Nazio Batuen Erakundearen aurkako kanpainak ere gaitzetsi ditu. "Israelgo goi funtzionario publiko eta militarrek kontuak eman behar dituzte, besteak beste, hizkera deshumanizatzailea erabiltzeagatik eta indarkeria bultzatzeagatik", dio txostenak.

Ikerketak gogorarazten duenez, Israelek ez die jaramonik egin azken urte honetan Nazio Batuen Erakundeak behin eta berriz egindako deiei eta NBEren Segurtasun Kontseiluak eta Nazioarteko Justizia Gorteak (CIJ) eman dituzten irizpen "lotesleei" ere. Azken hori, esaterako, Gazako Zerrendan ustez genozidioa egiteagatik Hegoafrikak sustatutako Israelen aurkako salaketa bat aztertzen ari da.

Horregatik, nazioarteari eskatu diote esku har dezan: "Estatu guztien erantzukizun kolektiboa da Gazako erasoa eta Zisjordaniako apartheid sistema babesteari uztea, baita Jerusalem ekialdean ere". "Nazioarteko Zuzenbidea errespetatzea eta kontuak ematen direla bermatzea estatu kideei (NBEri) dagokie, zuzenean. Hori ez egiteak nazioarteko lege-sistemaren muina ahultzen du eta aurrekari arriskutsua ezartzen du: ankerkeriak gertatzen uztea, gainbegiratu gabe", ohartarazi du.

Gogorarazi du lurralde okupatuetan giza eskubideak urratu direla, "Israelek egindako urraketengatik" ez ezik "beste estatu batzuk Israeli kontuak eskatzeko prest ez egoteagatik eta laguntza militarra eta beste mota batekoa ematen jarraitzeagatik" ere.

Ildo horretan, estatu kide guztientzako premiazko gomendio batzuk jaso ditu txostenak, besteak beste, "Israeli erasorako armamentu transferentzia guztiak geldiaraztea, lehergailuak, armak, su-armak eta munizioak barne".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena