09:48

Mundua

COP29

Ausentzia nabarmenekin eta finantziazioa helburu nagusi dela abiatuko dute COP29 goi bilera gaur Azerbaijanen

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gaur hasi eta azaroaren 22ra bitartean egingo da batzarra, Bakun. Parte hartuko dutenen izenak baino, egongo ez direnenak nabarmendu dira. Parisko Akordioan finkatutako konpromisoa betetzeko neurriak eta horretarako dirua izango dira, beste behin, mahai gainean izango dituzten helburuak.

  • COP29 goi bilera hartuko duen egoitza, Bakun, Azerbaijanen. Argazkia: EFE

    COP29 goi bilera hartuko duen egoitza, Bakun, Azerbaijanen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

COP29 klima aldaketari buruzko munduko goi bilera gaur abiatuko da Bakun (Azerbaijan), helburu nagusi batekin: larrialdi klimatikoari aurre egiteko neurrien finantzazioa handitzea. Mundu osoko 197 estatutako ordezkariek hartuko dute parte  gaur hasi eta azaroaren 22an amaituko den biltzarrean.

2015ean Parisko Akordioan ezarritakoaren arabera, urtean 100.000 milioi dolar bideratu behar dituzte COP29ko herrialdeek klima aldaketari aurre egitera. Kopuru hori handitzea da orain helburua, eta garatze bidean dauden zenbait herrialdek eta ekologistek uste dute urtean bilioi bat dolar behar direla, neurri eraginkorrak hartu nahi badira. Finantzazio erabat publikoa eskatzen dute. Bestelako jarrera dute herrialde aurreratu gehienek eta EBk: erakunde publikoen zein pribatuen arteko finantzazio plana da nahi dutena.

Tenperatura globalaren igoerak 1,5 graduko langa ez gainditzeko konpromisoa ezarri zuten Parisko Akordioan. Herrialde bakoitzak bere barne egoeraren araberako plan bat aurkeztu zuen berotegi efektuko gasen isurtzea murrizteko, baina, dagoeneko, helburua ez dela bete erakusten du Copernicus behatoki azken txostenak. Inoiz erregistratu den urterik beroena izateko bidean da 2024. Erregistratutako gainazaleko airearen urriko batez besteko tenperatura 0,8 °C igo da 1991tik 2020ra hilabete horretan bildutako datuen aldean, eta 1,65 °C beroagoa da industria-aurreko mailekin konparatuta.

Ausentziak

Deigarria da biltzarrean parte hartuko ez dutenen zerrenda. Besteak beste, ez da han izango Joen Biden AEBko presidentea —iazko goi bileran ere ez zuen parte hartu—, ez eta haren ordezko izango den Donald Trump hautagai errepublikanoa ere. Ezagunak dira azken horrek klima larrialdiaren aurrean duen jarrera, izan ere, AEB klima aldaketaren kontrako Parisko Akordiotik atera zuen bere agintaldian.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak ere jakinarazi du ez dela Bakun izango, eta Kremlinaren ordezkari gisa Mijail Mishustin lehen ministroa joango da. 2022an Ukrainako gerra lehertu zenetik, nazioarteko foro gehientsuenetara joateari utzi dio Putinek.

Halaber, esanguratsuak dira Xin Jinping Txinako presidentea eta Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidentea ez egotea. Datorren astean Rio de Janeiron hastekoa den G20 biltzarrera joatekoak dira bi buruzagiak.

Europako goi arduradunen artean, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea da huts egingo duenetako bat. Baliteke haren lekuan Wopke Hoekstra EBko Klima komisarioa joatea.

Ekologistak, "zehaztasun" eske

Mundu osoko talde ekologistek (Greenpeace, WWF, SEO/BirdLife edota Lurraren Lagunak) neurri zehatzak eskatu dizkiete COP29an parte hartuko duten agintariei. Uste dute finantzazioa handitzea ezinbestekoa dela, larrialdi klimatikoari aurre egiteko.


   

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena