Mundua
Herbehereak
Agentziak | EITB Media
Gainera, 5 pertsona zauritu dira, eta Amsterdamgo Poliziak ikerketa abiatu du bahiturik edo desagerturik dagoen argitzeko. Israelgo Gobernuak 2 hegazkin bidaliko ditu Herbehereetara bere herritarrak "erreskatatzeko".
Gutxienez 62 pertsona atxilotu dituzte eta 5 zauritu dira bart, Amsterdamen, Tel Aviveko Makabi futbol taldeko jarraitzaileen eta Palestinaren aldeko manifestarien artean izandako istiluetan, Amsterdamgo Poliziak X sare sozialean baieztatu duenez. Israelgo Gobernuak bi hegazkin bidaliko ditu Herbehereetara futbol partida horren harira hara joandako herritarrak "erreskatatzeko".
Bahitutako eta desagertutako pertsonak dauden ikertzen ari dira, baina oraingoz ez dute halakorik baieztatu.
Herbehereetako Polizia Amsterdamgo Ajax eta Tel Aviveko Makabi taldeen arteko futbol partidaren aurretik eta ondoren gertatutakoa ikertzen ari da, eta eguerdian emango ditu xehetasunak prentsaurrekoan.
Bertako hedabideek jakitera eman dutenez, partidaren aurretik Makabiko ehunka jarraitzaile erdiguneko Dam plazan elkartu ziren, Palestinaren aldeko hainbat manifestari elkartu ziren toki berean, eta istiluak gertatu ziren.
Futbol partida amaitu ondoren hasi ziren istiluak Johan Cruyff Arena estadioaren inguruan. Kanpoan, Palestinaren aldeko dozenaka manifestari elkartu ziren Israelgo taldeak Europako lehiaketatik kanporatu ez dutela salatzeko.
Israelek Makabiko jarraitzaileen aurkako eraso antisemitak salatu ditu, baina Herbehereetako agintariek ez dute oraingoz gertakarien kronologiari buruzko adierazpenik egin.
Benjamin Netanyahuren Gobernuaren arabera, Tel Aviveko Makabiko ehunka jarraitzaileri "segada" egin zieten Amsterdamen, Ajax taldearen aurka jokatutako Europa Ligako partidaren ostean, eta gutxienez 10 israeldar zauritu ziren. Gideon Sa'ar Israelgo Atzerri ministroa Herbehereetako agintariekin harremanetan jarri da jarraitzaileei hoteletik aireportura laguntzea eskatzeko.
Istiluak eragin dituztenen aurka "irmo eta azkar" erantzuteko eskatu die Israelgo lehen ministroak Herbehereetako agintariei.
Bestalde, Dick Schoof Herbehereetako lehen ministroak israeldarren aurkako "eraso antisemitak erabat onartezinak" direla salatu du. Are gehiago, erasotzaileak aurkitu eta auzipetu egingo dituztela esan omen dio telefonoz Israelgo gobernuburuari.
Palestinaren aldeko manifestariak Amsterdamen. Argazkia: EFE
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa