Mundua
AEB-ko hauteskundeak
Harrisek telefonoz zoriondu du Trump, hauteskundeetan lortutako garaipenagatik
Agentziak | EITB MEDIA
Hautagai demokratak botereen eskualdaketa "baketsu" baten garrantzia azpimarratu dio, baita "estatubatuar guztientzat" presidente izateko eskatu ere.
-
Kamala Harris, artxiboko irudian. Argazkia: EFE
Kamala Harris AEBko presidenteorde eta hautagai demokratak Donald Trump presidente ohi errepublikanoari (2017-2021) deitu dio asteazken honetan, astearteko hauteskundeetan lortutako garaipenagatik zoriontzeko.
Demokraten kanpainak jakitera eman duenez, porrota onartzeko elkarrizketa horretan Harrisek botereen eskualdaketa"baketsua" egitearen eta "estatubatuar guztientzat" presidente gisa aritzearen garrantzia azpimarratu dio Trumpi.
Dei hori Howardeko Unibertsitatera joan baino lehentxeago egin du Harrisek, jarraitzaileen aurrean emaitzei buruz hitz egin aurretik.
Hitzaldi hori asteartean egitea aurreikusita zegoen, hauteskunde-egunaren amaieran, baina asteazkenera atzeratu zen, oraindik botoak zenbatzen ari zirela eta estatu batzuk oraindik erabaki gabe zeudela argudiatuta.
Ordurako, Harrisek Trumpekiko zuen desabantaila nabaria zen, eta Washingtongo ipar-mendebaldeko unibertsitate horretara joan ziren ikusleek lekutik alde egin zuten, porrota agerikoa zelakoan.
CNN eta AP hedabideek egindako aurreikuspenen arabera, eta Nevadako eta Arizonako estatu giltzarrietako zenbaketaren zain, Trumpek 293 ordezkari lortu ditu dagoeneko.