20:18

Mundua

AEB-ko hauteskundeak

Nolakoa izango da Trumpen bigarren agintaldia? Haren planak, hemen

AGENTZIAK | EITB Media

Immigrazioa, abortua, klima aldaketa, ekonomia... Hauek dira presidente hautetsiaren proposamen nagusiak.

0:48
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Donald Trump AEBko presidente hautetsiak neurri zorrotzak promestu ditu bigarren agintaldirako, hala nola inoizko kanporatze handienak, muga-zergak eta inbertsio handiagoak erregaietan.

Hauteskunde kanpainan ez du neurri zehatz askorik azaldu, baina haren adierazpenek kontserbadurismo tradizionala, populismoa eta nazionalismo ekonomiko protekzionista uztartzen dituzte.

Hauek dira haren proposamen nagusiak:

Immigrazioa

2016an Mexikoko mugan harresia eraikitzea promestu zuen bezala, 2024an "inoizko deportazio programa masiboena" iragarri du. Gainera, agiririk ez duten migratzaileak atxilotzeko ahalmena eman nahi die Guardia Nazionalari, sheriffei eta tokiko poliziei.

Zentzu horretan, migrazioa mugatu egin nahi du, bai irregularra, bai erregularra, eta kendu egin nahi du bertan jaiotzeagatik herritartasuna lortzeko eskubidea.

Era berean, ateak itxi nahi dizkie gehiengo musulmaneko zenbait herrialdetako herritarrei, lehen agintaldian egiten saiatu zen bezala.

Abortua

Trump harro agertu da Auzitegi Gorenean abortuaren aldeko zenbait neurri bertan behera utzi zituzten hiru epaile jarri zituelako.

Kanpainako azken hilabetean, abortua herrialde osoan debekatzearen aurka agertu zen, eta estatuei erabakitzen uztearen alde egin du. Hau da, abortua debekatu nahi duten estatuek aukera hori izatea babesten du.

Atzerri politika

Trumpek Ronald Reagan presidente ohiaren esaldi bat erabili ohi du bere atzerri politika deskribatzeko: "Bakea, indarra erabiliz". Isolazionismoren aldekoa da, eta aliatu tradizionaletatik aldendu da. Hots, Europar Batasunetik eta NATOtik urrundu egin da.

Bere esanetan, Ukrainako eta Gazako gerrei azkar emango die amaiera, baina ez du zehaztu nola lortuko duen.

Bestalde, goratu egin izan ditu buruzagi autoritarioak, hala nola Viktor Orban (Hungaria) eta Vladimir Putin (Errusia).

Merkataritza

Presidente hautetsiak % 20ko muga-zergak jarri nahi dizkie atzerriko produktu guztiei, eta % 60koak Txinatik bidalitakoei. Txinarekin, hain justu, merkataritza-gerra gordindu egin nahi du.

Helburu nagusia automobilgintzaren sektorea du, eta ohartarazi du % 200eko zergak jarriko dizkiela Mexikon egindako ibilgailuei, Txinak bertan lantegirik ireki ez dezan.

Zergak

Buruzagi errepublikanoak zergak jaitsi nahi dizkie enpresa handiei, lehen agintaldian ere egin zuen bezala. Gainera, ekoizpen guztia AEBn duten konpainiei % 21etik % 15era jaitsi nahi dizkie.

Politika horrek, baina, handitu egin lezake zorra, Penn Wharton Budget Model taldeak ohartarazi duenez. Egun, 25 bilioi dolarrekoa da herrialdearen zorra.

Ingurumena

Trumpek ukatu egiten du klima aldaketa, eta aurreratu du kendu egingo dituela auto elektrikoak erosteko laguntzak.

Horren ildotik, petrolio eta gas ekoizpena handitzea promestu du. "Zulatu, zulatu, zulatu!" iza da, hain justu, kanpainan gehien errepikatu duen leloetako bat.

Lehen agintaldian, Parisko Akordiotik aldendu zuen AEB.

Osasuna

2015etik, Barack Obama presidentearen osasun erreforma indargabetzea defendatu du, baina ez du alternatibarik proposatu horren aurrean.

Kanpainan, Robert F. Kennedy Jr. (txertoen aurkakoa da) osasun arloko karguren batean jartzea proposatu izan du.

LGTBI+ eskubideak

Agitari hautetsiak mugak jarri nahi dizkio aniztasunari, eta debekatu egingo du "gizonek nesken kiroletan parte hartzea". Pertsona transexualei buruz ari da, noski.

Eta horren guztiaren gainetik, aurreratu du Kongresuari eskatuko diola bi genero (gizona eta emakumea) baino ez aitortzea, genero nortasun ez binarioen aitorpenari muga legalak jartzeko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena