Itxi

Mundua

Ameriketako Estatu Batuak

Harrisek eta Trumpek inkestetan berdinduta egingo diote aurre hauteskunde-kanpainaren azken txanpari

Agentziak | EITB Media

Dagoeneko 33 milioi estatubatuarrek eman dute botoa azaroaren 5eko bozketa-egun ofiziala heldu baino lehen, postaz zein aurrez aurre, aukera hori irekita dagoen estatuetan.

  • Donald Trump hautagai errepublikanoa, Kamala Harris arerio politikoaren irudia atzean duela. EFE

    Donald Trump hautagai errepublikanoa, Kamala Harris arerio politikoaren irudia atzean duela. EFE

Donald Trump presidentegai errepublikanoa eta Kamala Harris hautagai demokrata berdinduta daude, boto-asmoaren % 47 jaso baitute, CNNk azaroko hauteskundeen aurretik egindako azken inkestaren arabera. Galdeketa urriaren 20tik 23ra egin zuten telefonoz, 1.704 boto-emaileri galdetuta, eta gaur argitaratu dute.

Bestalde, The New York Times egunkariak, Siena Collegek egindako inkesta batean, % 49ko babesa eman dio Harrisi, eta % 48koa, berriz, Trumpi; erabakigarri diren estatuei dagokienez, lautan Harrisek lortuko du garaipena, eta hirutan Trumpek.

Beste estatu batzuetan, abantaila askoz argiagoa da: Harris 6 puntu (edo gehiago) dago aurretik Minnesotan, New Hampshiren eta Virginian; Trumpek abantaila du Texasen, Floridan eta Ohion.

Inkesta horrek azpimarratu duenez, gaurtik azaroaren 5era aldaketarik izango ez balitz, Harrisek 276 ordezkari lor ditzake hauteskundeetan (270 behar dira gehiengoa izateko), eta Trumpek 262, baina aldea txikia da, eta datuak alda daitezke inkestak presidente ohiaren babesa gutxiesten badu edo haren aldeko batzuk boto-asmoa ezkutatzen ari badira.

Inkesta honek Trumpen aldeko joera txiki bat antzeman du azken bi asteetan, bai estatu mailan, bai zazpi estatu giltzarrietan, Michiganen izan ezik.

Dagoeneko 33 milioi estatubatuarrek eman dute botoa azaroaren 5eko bozketa-egun ofiziala heldu baino lehen, postaz (17,8 milioi) zein aurrez aurre (15 milioi), aukera hori zabalik dagoen estatuetan. 32,9 milioi botok asko dira, hauteskundeak egiteko 12 egun falta direla kontuan hartuta.

Floridako Unibertsitateko Hauteskunde Laborategiak bildutako datuen arabera, boto gehien jaso dituzten estatuak Texas (3,3 milioi), Florida (3,3) eta Kalifornia (3,2) izan dira.

Estatuek egun desberdinetan irekitzen dute botoa emateko aukera (New Yorken oraindik ez dute zabaldu), eta horrek kopuruen desoreka azaltzen du, horietako batzuetan 100.000 lagunek baino gutxiagok bozkatu baitute. Nolanahi ere, aurretiazko botoen kopuruak aurreko beste edozein hauteskundeena gainditzen du, egindako konparaketen arabera.

Kamala Harris presidentegai demokrata, Barack Obama AEBko presidente ohiarekin batera, ekitaldi batean. Argazkia: EFE

Kamala Harris presidentegai demokrata, Barack Obama AEBko presidente ohiarekin batera, hauteskunde-kanpainako ekitaldi batean. Argazkia: EFE

Laborategiko datuen arabera, orain arte gehienak boto-emaile demokratak izan dira (% 41), errepublikanoen aldean (% 35), baina datua ez da erabakigarria, boto-emaileen % 23k ez dute alderdiaren etiketarekin izena eman.

CNNk hainbat iturritan oinarrituta bildutako datuen arabera, zazpi estatu erabakigarrietako lautan errepublikanoak 2024an baino indar handiagoarekin mobilizatzen ari dira, eta Donald Trump hautagai kontserbadoreak jarraitzaileei behin eta berriz eskatu die hori kanpaina honetan.

Arizonan, Ipar Carolinan eta Nevadan, errepublikano gisa erregistratutako boto-emaileen mobilizazioa 2020an baino 5-9 puntu handiagoa izan da; Pennsylvanian, berriz, errepublikanoen boto aurreratuak 10 puntu egin du gora. Hala ere, demokrata gisa izena emandako boto-emaileak (% 60) baino gutxiago dira.

Argazkia: EFE

Argazkia: EFE

Musken sariak

Bitartean, Elon Musk handi-mandi eta X sare sozialaren jabeak milioi bat dolarreko beste bi sari eman dizkie Michigan eta Wisconsin estatuetan hauteskundeetarako izena eman duten bi boto-emaileri, nahiz eta AEBko Justiziak ordainketa horiek hauteskunde-legea urra dezaketela ohartarazi.

CNN telebista kateak jakitera eman duenez, hauek dira "Donald Trumpen aldeko super PACaren lehen opariak", asteazkenean Justizia Departamentuak zozketa horiek hauteskunde lege federalak urra ditzaketela ohartarazi ostean.

Kanpainan, diru-bilketa markak hautsi dira

Bestalde, 2024ko hauteskunde orokorretako kanpainak diru-bilketaren markak hautsi ditu, kanpoko aktoreen eta aberastasun handien parte-hartze garrantzitsuari esker. Horrek berriro jarri du mahai gainean diruak AEBko politikan duen eraginari buruzko eztabaida.

Azaroaren 5ean, AEBko presidente berria hautatzeaz gain, Ordezkarien Ganbera osoa eta Senatuaren heren bat ere berrituko dira. Botereen arteko oreka funtsezkoa da erakundeen egonkortasunerako eta hurrengo agintariak bere promesak aurrera eramateko izango duen gaitasunerako.