15:44

Mundua

Migrazioa

Italiako Justiziak bertan behera utzi du migratzaileak Albaniara deportatzeko plana

AGENTZIAK | EITB Media

Albaniara bidalitako migratzaileak Italiara itzultzeko agindu du auzitegi batek. Italiako Gobernuak ziurtatu du aurrera jarraituko duela bere egitasmoarekin. "Epaileen erabakia aldez aurretik hartutakoa dela uste dut", kritikatu du Giorgia Meloni Italiako gobernuburu ultraeskuindarrak.

0:44
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Erromako auzitegi batek bertan behera utzi du Giorgia Meloni Italiako lehen ministroaren deportazio plana, eta Albaniara bidalitako 12 pertsona migratzaileak herrialdera itzultzeko agindu du.

Italiak akordioa sinatu zuen Albaniarekin, migratzaileak Europar Batasunetik kanpo dagoen herrialde horretara deportatzeko, eta Europako Batzordea plan horrekin bat egitea aztertzen ari da.

"Migratzaileen jatorrizko herrialdeak, Bangladesh eta Egipto, ez dira seguruak", epaimahaiaren arabera.

Antza denez, migratzaileak bihar bertan itzuliko dira Italiara.

Giorgia Meloni Italiako gobernuburu ultraeskuindarrak Ministroen Kontseiluaren bilera deitu du astelehenerako, Justiziaren erabakia aztertzeko. "Erromako epaileen erabakia aldez aurretik hartutakoa dela uste dut, epaile horietako batzuek Albaniarekin itxitako akordioa indarrean sartu aurretik ere kritikatu izanak erakusten du hori", Meloniren hitzetan.

Meloni kritiko agertu da instantzia judizialekin: "Oso zaila da lan egitea eta nazio honi erantzunak ematen saiatzea, arazoei erantzuten lagundu beharko lizuketen erakundeen parte bat aurka egonda".

"Espero dut norbaitek esatea nola konpontzen den hau, nola kudeatzen den ordena publikoa, nork ordainduko dituen gastatu beharko ditugun milaka milioiak, espero dut irtenbideak aurkitzea, nik aurkitu behar baititut konponbideak, eta arazo honi irtenbidea ere aurkituko diot", gaineratu du Melonik.

Giorgia Meloni Italiako gobernuburua. Argakia: EFE

Giorgia Meloni Italiako gobernuburua. Argakia: EFE

Kontrako epaia izan arren, Matteo Piantedosi Italiako Barne ministroak adierazi du Gobernuak aurrera jarraituko duela bere planarekin, eta erabakiari helegitea jarriko diotela iragarri du. "Baliabide judizialekin erantzuteaz gain, aurrera jarraituko dugu ekimenarekin; izan ere, Italia Albanian egiten ari dena Europako zuzenbide bihurtuko da 2026an", esan du Piantedosik Italiako iparraldeko Ventimiglia hirian migrazioari buruz egiten ari diren goi-bileran.

Antonio Tajani Gobernuko presidenteorde eta Atzerri ministroak ere hartu du parte goi-bileran, eta Exekutiboak bere egitasmoa defendatzen jarraituko duela berretsi du, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin "bat etorriz egitea bidezkoa" dela uste duelako.

"Botere judizialaren erabakiak errespetatzera ohituta gaude, baina Gobernuaren eta legegilearen erabakiak errespetatzea nahiko nuke, demokrazia bat botereen banaketan oinarritzen delako", gaineratu du Tajanik.

Justiziaren erabakiaren ostean, badirudi botere judizialaren eta koalizio-gobernuaren arteko borroka hasi dela migrazioaren gaia dela eta, Gobernuaren koska bat, neurri handi batean, ultraeskuineko indarrek kontrolatzen baitute.

Matteo Salvini ultraeskuindarrak (pisu handiko beste gobernukidea) "ezkerreko politika egitea" eta "etorkinen aldekoak" izatea egotzi die epaileei.

Oposizioko alderdiek, aldiz, pozik hartu dute epaia, eta Meloniri eskatu diote Albanian martxan jarritako sistema desegiteko eta Italiako herritarrei barkamena eskatzeko, "milaka milioi euro xahutu baitituzte legez kanpoko eta ibilbiderik gabeko proiektu batean".

Meloniren gobernuak Mediterraneoan erreskatatutako 16 pertsona deportatu ditu asteon Albaniara, baina handik ordu batzuetara, horietako lau Italiara itzuli behar izan ziren, zaurgarriak direlako.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena