Mundua
Goi-bilera
Agentziak | EITB Media
Europar Batasuneko agintariak Bruselan bildu dira, besteak beste, migrazioaz hitz egiteko. Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak deportazioei buruz egindako proposamena ere mahai gainean izango dute.
EBko buruzagien familia argazkia gaurko goi bileraren atarian. Argazkia: EFE
Europar Batasuneko buruzagi gehienak migrazio-ituna azkar aplikatzearen alde agertu dira eta horietako asko legez kanpoko migrazioari aurre egiteko "formula berritzaileei" buruz hausnartzeko prest daude, Batasunetik kanpo pertsona migratzaileak atxikitzeko zentroak jarrita, esaterako.
Simon Harris Irlandako lehen ministroak bilerara iritsi berritan esan duenez, migrazio politikan formula berritzaileak bilatzearen aldekoa da, beti ere, nazioarteko zuzenbidea eta Batasunaren "balore komunak" errespetatuz egiten bada.
Bestalde, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak adierazi du, Italiak Albaniarekin sinatu duen akordioa ahotan, pertsona migratzaileak EBtik kanpora eramatea ez dela irtenbidea Alemania bezalako herrialde handi batentzat.
Lituania eta Eslovenia, bere aldetik, prest agertu dira hirugarren herrialdeetan migratzaileentzako zentroak sortzeko aukera aztertzeko.
Europar Batasuneko agintariak Ekialde Hurbileko eta Ukrainako gatazkei buruz hitz egiteko bildu dira, baina migrazioaren eztabaida indartsu sartu da Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak "formula berritzaileei" buruz hausnartzeko egindako proposamenarekin, hala nola Batasunetik kanpo pertsona migratzaileak "identifikatzeko eta atxikitzeko zentroei" buruz.
Agintariek gaiaz eztabaidatuko dute, Von der Leyenek aste honetan bidali dien gutuna oinarri hartuta. Gutun horrek hamar ekintza-arlo planteatzen ditu, migrazio- eta asilo-ituna (2026an aplikatu beharko litzatekeena) azkar abiaraztea barne, eta migrazioaren aurkako "formula berritzaileak" lantzea, EBtik kanpo migratzaile-zentroak martxan jartzeari buruzko gogoeta barne.
Batzuek argi eta garbi egiten dute migrazio-ituna azkar aplikatzearen alde, hala nola Espainiak, Frantziak eta Alemaniak. Beste batzuk, Polonia, esaterako, kritiko agertzen dira Europako migrazio-politikarekin. Hain zuzen ere, herrialde horrek aste honetan bertan neurriak hartu ditu asilo eskubidea aldi baterako bertan behera uzteko, bere mugen "kontrola berreskuratzeko", Bielorrusiarekin duena kontrolatzeko, batik bat.
Horrela, Italia indartsu sentitzen da EBn haren jarrerarekin bat egiten duten gobernuak gero eta gehiago direlako. Georgia Meloni Italiako eskuin muturreko lehen ministroak eskertu egin du Europako Batzordea Albanian zentroak irekitzeko ideia polemikoa aztertzen hasi izana. "Herrialde asko daude Italiaren eta Albaniaren arteko protokoloari begira, bai eta Italiak azken urteotan migrazioan bultzatu dituen politikei ere", azpimarratu du Melonik.
Migrazio-kontrolari buruzko bilera estraofiziala
Italiak bilera bat sustatu du ostegun honetan, Europako goi-bilera hasi baino lehen, Europar Batasunean migrazioaren kontrola gogortzeko ideiarekin bat datozen hamar bat herrialderekin, besteak beste, Danimarkarekin eta Herbehereekin. Helburua: blokea "irtenbide berritzaileak" hartzera zabaltzeko beharraz ohartzea, hala nola Europar Batasunetik kanpoko deportazio-zentroak edo itzulketarik onartzen ez dituzten hirugarren herrialdeei zigorrak ezartzea.
"Gure helburu partekatua da migrazioa kontrolpean izatea eta baztertutako asilo-eskatzaileen itzulera bizkortzea. Horregatik, itzulerak errazteko irtenbide berritzaileen inguruan eztabaidatu dugu, bai eta Europako legedia zorroztu beharraz ere", laburbildu du bilerak eman duena Dick Schoof Herbehereetako lehen ministroak batzarraren amaieran.
Meloni eta Schoof izan dira, Mette Frederiksen Danimarkako sozialdemokratarekin batera bilera gidatu dutenak, eta bertan hartu dute parte Austriak, Poloniak, Hungariak, Maltak, Eslovakiak, Greziak, Ziprek eta Txekiar Errepublikak; ez hala, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra, gonbidatuta zegoen arren. Ursula von der Leyen Alemaniako kontserbadoreak ere parte hartu du batzarrean.
Zelenskik babesa eskatu du bere planerako
Volodímir Zelenski Ukrainako presidenteak "batasuna" eskatu die Europako kideei 'Garaipenaren Planaren' inguruan, besteak beste, Kievi Errusiako lurraldeari irismen luzeko armekin eraso egiteko baimena emateko "beste buruzagi batzuk" konbentzitu ahal izateko.
"Bai, iraganean irismen luzeko armak erabiltzeko aukera emateko baimena eskatu genuen, eta mundu guztia aurka agertu zen", baina "orain bazkide batzuek aurrera egitea behar dugu", esan du Zelenskik Bruselan.
"Gure plana da Ukraina indartsua izatea eta diplomaziarako prestatuta egotea, eta bikaina da plan hori ez dagoela Errusiaren borondatearen mende, gure kideen borondatearen mende baizik. Eta uste dut honek aukera bat ematen duela plan hau benetakoa izan dadin", adierazi du Zelenskik.
Plan horrek gainera, AEBk, Frantziak, Italiak eta Alemaniak Ukrainan arma estrategiko ez nuklearrak hedatzea jasotzen du, Errusiak atzera egin dezan. Era berean, NATOri beste behin eskatu dio formalki egin dezan Kiev Aliantzan sartzeko gonbidapena.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa