19:36

Mundua

PROFILA

Kamala Harris, ibilbide profesionala bideak urratzen egin duen emakumea

eitb media

Egungo AEBtako presidente-ordea da Alderdi Demokratak Joe Bideni erreleboa hartu eta presidente izendatzeko proposatu duen hautagaia.

  • Kamala Harris hautagai izendatu zuen Konbentzioan. Argazkia: EFE.

    Kamala Harris hautagai izendatu zuen Konbentzioan. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kamala Harris, AEBko presidente-ordea, aukeratu du Alderdi Demokratak azaroaren 5eko presidentetzarako hauteskundeetan Donald Trump hautagai errepublikarrari aurre egiteko. Harrisek politikan eta justizian egin du ibilbide profesionala eta, kasu askotan, bideak urratzen aritu da.

1964ko urriaren 20an jaio zen Oaklanden (Kalifornia) Kamala Harris. Aita ekonomia irakaslea zuen eta ama, berriz, medikua. Haurra zela banandu ziren gurasoak eta handik aurrera, ama arduratu zen Kamala eta ahizpa hezteaz. Howard Unibertsitatean Zientzia Politikoak eta Ekonomia ikasi zituen eta, ondoren, Zuzenbidean doktoretza egin zuen Kaliforniako Unibertsitatean. 2014tik Douglas Emhoffekin dago ezkonduta.

Eskubide sozialen defentsa etxetik datorkion kontua dela aitortu du 2021ean kaleratutako The trust we hold liburu autobiografikoan. Hasteko, Jamaikako eta Indiako migratzaileen alaba da eta kultura asko uztartzen zituen komunitate batean hazi zen. Horrez gainera, ama, Shyamala Gopalan, hainbat eskubideren aldeko ekintzaile gisa aritu izan zen eta alabak bide horretan hezi zituen.

Fiskaltzetako lana

Abokatu eta fiskal gisa aritu zen lanean lehen urteetan eta hainbat gai sozialetan espezializatu zen, besteak beste, adin txikikoei egindako sexu eraso kasuetan. 2004tik 2011ra bitartean, San Francisco distrituko fiskal aukeratu zuten. Garai horretan LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen eskubideen alde aritu zen, izan ere, berak egin zuen bi emakumeren artean izandako lehen ezkontza San Franciscon, 2013. urtean.

2010ean Kaliforniako fiskal nagusi kargurako hautatu zuten. Kargu hori hartu zuen lehen emakumea izan zen. Denbora tarte horretan, hipoteketan egindako iruzurraren kontrako borrokan aritu zen eta etxegabetuentzako ordainak lortu zituen. Ingurugiroari buruzko eta Osasunari buruzko kasuak ere izan zituen esku artean. 2014an karguan jarraitzeko aukeratu zuten eta 2017 arte aritu zen horretan.

Argazkia: EFE.

Argazkia: EFE.

Saltoa politikara

2017tik 2021era bitartean, AEBko senataria izan zen. Hain zuzen ere, Kaliforniako hautetsi gisa kargu hori hartu zuen arraza beltzeko eta Indiako jatorriko lehen emakumea izan zen. Sasoi hartan, armen kontrolaren alde aritu zen eta osasun eta zerga sistemak aldatzea proposatu zuen.

2020an AEBko presidentetzarako bideari ekin zion. Hasiera batean, Joe Bidenen aurka lehiatu zen Alderdi Demokrataren barruan, baina, ez zuenez behar adina diru lortu, primarioen aurretik atzera bota zuen hautagaitza. Joe Bidenek presidenteorde izateko hautagai aukeratu zuen eta hauteskundeak irabazi zituzten. 2021eko urtarrilaren 20an karguaren zina egin zuen Harrisek. Orduan ere, kargu hori izaten lehen emakumea, arraza beltzeko lehen emakumea eta Asiako jatorriko lehen emakumea izan zen.

Aditu askoren ustez, presidenteorde gisa ez du ezer nabarmenik egin. Hala ere, emakumeen ugalketa eskubideen defentsan aritu izan da eta kanpo gaietan ere aritu izan da. Israel Ekialde Hurbilean egiten ari den erasoen inguruan modu kritikoan hitz egin zuen uztailean eta Netanyahuri Gazako gerra amaitzeko ere eskatu zion. Ondoren, ordea, babes osoa eman izan dio eta defentsarako behar beste laguntza agindu dio.

2024ko hauteskundeei begira, Joe Bidenen jarraitzeko gaitasuna zalantzan jarri zenean, presidentea irmo defendatu zuen. Uztailean Bidenek utzi zuenean, begi guztiek Kamala Harrisi egin zioten so eta Alderdi Demokratak abuztuan egindako konbentzioan ofizialki izendatu zuen hautagai. AEBko biztanle guztientzat gobernatuko duela esanez ekin zion kanpainari.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena