Mundua
Ekialde Hurbila
AGENTZIAK | EITB MEDIA
51 libanoar hil dira eta 67 zauritu Israelen, Hezbollahren eta Israelen arteko liskarretan. Hezbollahko miliziek "giza ezkutu" gisa erabiltzen dituztela iritzita, UNIFIL Nazio Batuen Libanorako Behin-behineko Indarrak handik ateratzeko eskatu dio Netanyahuk NBEri.
Israelek Nabatiehko merkatal gune bat suntsitu du. EFE.
Israelgo Armadak areagotu egin du igande honetan Libano hegoaldeko erasoaldia. Igandeko gertakari nagusien artean, Israelek Nazio Batuen Erakundearen bake misioaren basean (UNIFIL) bi tanke sartu izana, Hezbollah talde xiita libanoarraren aurkako liskarrak eta Gurutze Gorriaren paramedikoen aurkako erasoak, besteak beste.
UNIFILek bere soldaduak arriskuan jartzea leporatu dio Israelgo Armadari, bi Merkava tankek NBEren bake misioaren baseko ate nagusia suntsitu, indarrez sartu eta 45 minutuz bertan egon baitira.
Israelek igande honetan onartu duenez, tankeetako bat UNIFILen basean sartu da, Hezbollahren eraso bat jasan ostean zauritutako soldaduak ebakuatzen saiatzen ari zela.
"Hasierako berrikuspen batek erakutsi du Armadaren tanke bat soldadu zaurituak ebakuatzen saiatzen ari zela tiroek jarraitzen zutenean; zenbait metro atzera egin zuen UNIFILen postu baterantz. Mugimenduak egiten ari zen bitartean, Armadak ez du inolako arriskurik sortu NBEren indarrentzat", adierazi zuen Israelgo Armadak.
Hala ere, bake misioko militarrek jakinarazi dutenez, basetik gertu tiroak izan dira eta lehergailuen kea sartu da instalazioetara. Horren ondorioz, "hamabost agentek min hartu dute, narritadurak larruazalean eta erreakzio gastrointestinalak, besteak beste", adierazi du UNIFILek.
Egoera horren aurrean, NBEk herrialdean duen misioak Israelgo Armadari gogorarazi dio "bi egunetan, laugarrenez" bere betebeharren artean "Nazio Batuen langileen eta ondasunen babesa eta segurtasuna bermatzea" dagoela, baita Segurtasun Kontseiluaren 1701 (2006) ebazpena eta Lerro Urdina (NBEk 2000. urtean ezarritako Libano eta Israelen arteko mugapea) errespetatzea ere.
NBEri bake indarrak erretiratzeko eskatu die Netanyahuk
Libanotik NBEren bake indarrak erretiratzeko eskatuko dio Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk gaur, igandea, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresi, haren iritziz, Hezbollahko miliziek UNIFILeko kideak "giza ezkutu" gisa erabiltzen baitituzte.
"Bake indarrak Libano hegoaldetik eta gatazka lekuetatik ateratzeko ordua da", esan dio Netanyahuk adierazpen ofizial baten bidez NBEko idazkariari.
Adierazpen horretan, Israelgo lehen ministroak gogora ekarri du aurretik ere egin izan diola eskari hori Guterresi, baina "behin eta berriz" ukatu diotela. "Uko eginda, Hezbollahko terroristak babesten ari dira", ziurtatu du.
"Hain zuzen ere, jokabide horrekin UNIFILeko kideak Hezbollahren gatibu bihurtzen ari dira, eta gure soldaduen bizitzak arriskuan jartzen", erantsi du Netanyahuk. "Idazkari nagusi jauna, atera behingoz bake indarrak arrisku tokietatik. Egizu oraintxe bertan, lehenbailehen", esan dio.
Asteburu odoltsua
Israelen, gutxienez 67 pertsona zauritu dira, horietako batzuk larri, igande honetan Hezbollahren drone batekin egindako eraso batean, Binyamina inguruan, Haifa hegoaldean, United Hatzalah Israelgo larrialdi zerbitzuak jakitera eman duenez. Zaurituetako lau egoera kritikoan daude, 5 egoera oso larrian eta 14 larri; gainerakoek zauri arinak dituzte, Israelgo komunikabideek iturri medikoak aipatuta jakinarazi dutenez.
"Libanotik iparraldeko itsas eremura jaurtitako drone bat geldiarazi du Armadak. Zibilek Fronte Nazionalaren Komandoaren jarraibideak jarraitu behar dituzte", adierazi du Armadak Hezbollahren erasoari buruz.
Haarezt egunkari israeldarrak argitaratu duenez, Armada ikertzen ari da zergatik ez zuten aireko alarmek jo, bai eta hutsegitea zein izan ote zen ere Israelgo aireko sistemak bigarren drona ez atzemateko.
Libanoko zatian, 51 zibil hil eta 174 zauritu dira larunbatean Israelek Libanoko hainbat eskualdetan egindako erasoen ondorioz, Libanoko Osasun Publikoko Ministerioak igande honetan emandako balantze berriaren arabera.
Kopuru horrekin, 2.306 hildako eta 10.698 zauritu daude Israelek urriaren 8an erasoaldia hasi zuenetik, Libanoko Osasun Ministerioaren arabera.
Bestalde, Libanoko Gurutze Gorriak salatu du zenbait kide arin zauritu direla Israelek egindako eraso batean. Antza, hegazkinek etxe bat bonbardatu zuten, eta Gurutze Gorriko kideak lehen erasoaren biktimak laguntzera joanak zirenean, bigarrenez bonbardatu zuten.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa