Mundua
DOKUMENTAZIOA
AEBko Presidentetzarako hauteskundeen egutegia: azaroaren 5etik urtarrilaren 20ra
Agentziak | EITB Media
Ameriketako Estatu Batuetako presidentea aukeratzeko hauteskundeak azaroaren 5ean egingo badira ere, kargu-hartze ekitaldia ez da urtarrilaren 20ra arte egingo.
-
Trump eta Harris, EFEk egindako argazki muntaketa batean.
Ameriketako Estatu Batuetako herritarrak botoa ematera deituta daude azaroaren 5ean, hurrengo lau urteetan herrialdeko presidentea izango dena aukeratzeko. Hauteskundeak azaroan egingo badira ere, urtarrilaren 20ra arte ez da kargu-hartze ekitaldia egingo Washington hiriburuan, Kapitolioaren kanpoaldeko eskaileretan.
Hauek dira hauteskunde egutegiko data nagusiak:
- Azaroak 5: 240 milioi pertsonak izango dute botoa emateko eskubidea AEBko Presidentetzarako hauteskundeetan. Hala ere, presidentea ez ezik, Ordezkarien Ganbera osoa eta Senatuaren herena ere aukeratu beharko dituzte. Hauteskundeak bisurtean egin ohi dituzte, azaroko lehen astelehenaren osteko lehen asteartean.
- Abenduak 17: Estatubatuarrek ez dute zuzenean presidentea aukeratzen. Hauteskunde Batzordea osatuko duten 538 ordezkariak hautatzen dituzte, eta, ondoren, horietako bakoitzak presidentegai baten edo bestearen alde egiten du. Guztira, 270 ordezkari lortzen dituenak irabazten du. AEBko estatu bakoitzak ordezkari kopuru bat du, biztanle kopuruaren arabera, eta Kaliforniak ditu ordezkari gehien (54).
- Urtarrilak 6: Hauteskunde Batzordeak hauteskundeetako emaitzak igorriko ditu Kongresura eta Artxibo Nazionaletara. Urtarrilaren 6an, Kongresuak kontatu eta egiaztatuko ditu, Senatuko presidentea buru dela.
- Urtarrilak 20: Presidentearen kargu-hartze ekitaldia egingo da, eta ofizialki abiatuko da horren agintaldia.