Mundua
EKIALDE HURBILA
Israelek ziurtatu du Hezbollahko operazio burua hil duela Beiruten egindako bonbardaketa batean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gatazka Libanora zabaldu zenetik, 2.000 pertsona baino gehiago hil ditu han Israelgo Armadak, Libanoko Osasun Ministerioak jakitera eman duenez. 1,2 milioi herritarrek euren etxeak utzi behar izan dituzte, erasoetatik ihesi.
-
Beirut, gaur. Argazkia: EFE
Israelgo Armadak ziurtatu du Suhail Hasin Hasini Hezbollah milizia xiitako operazio burua hil duela Beiruten (Libano) bart egindako bonbardaketa batean. X sare-sozialean zabaldutako mezu batean zehaztu duenez, "Hezbollahk ikerketarako, misilen produkziorako eta armak gordetzeko" erabiltzen zuen eraikina suntsitu dute israeldarren bonbek.
Hasini milizia xiitako "aurrekontuen eta logistikaren burua" zela eta "gerrarako operatiboa" berak zuzentzen zuela ere azaldu du mezuan Armadak. "Hezbollahren aurrekontuen eta operazio garrantzitsuenen logistikaren arduraduna zen Hasini. Besteak beste, gerra operatiboa eta beste hainbat plan berezi zuzentzen zituen, horien artean, Libanok Israelen aurka egindako erasoak", erantsi dute.
Bere aldetik, Hezbollahk ere jakinarazi du misilak jaurti dituela Glitoteko gune militarraren kontra, Tel Aviven kanpoaldean. Aurrez ere, miliziaren jomuga izan da leku hori, bertan baitago Israelgo Armadaren Inteligentzia Militarraren 8200 Unitatea. Halaber, Al Manar telebista kateak zabaldu duenez, Marjeko azpiegitura militarraren kontra ere misilak bota ditu Hezbollahk.
Gatazka Libanora zabaldu zenetik, 2.000 pertsona baino gehiago hil ditu han Israelgo Armadak, Libanoko Osasun Ministerioak jakitera eman duenez. 1,2 milioi herritarrek euren etxeak utzi behar izan dituzte, erasoetatik ihesi.
Iranen ohartarazpena Israeli
Testuinguru honetan, Abas Araqchi Irango Atzerri Gaietako ministroak ohartarazi dio Israeli egiten ari den erasoei "erantzun" egingo diotela. "Irango azpiegituren kontrako erasoek erantzun irmoa izango dute", esan du.
Araqchik Saudi Arabiara bidaiatuko du astearte honetan, eta, ondoren, eskualdeko beste herrialde batzuk bisitatuko ditu, Israel Libanoren aurka egiten ari den erasoen aurrean, mugimendu bateratu bat eratzeko.