Mundua
Ekialde Hurbila
Agentziak | EITB Media
"Gure eskualdeko errealitatea aldatzen ari gara", ziurtatu du Israelgo lehen ministroak. Bestalde, Hamaseko beso armatuaren bozeramaileak erregimen "basati, hiltzaile eta kriminal" gisa deskribatu du Israel, eta milizia "gerra luze" baterako prestatzen ari dela erantsi du.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa bere Gobernuaren bileran. Argazkia: EFE
Hamasen erasoen eta Israelek Gazan egiten jarraitzen duen sarraskiaren hasieraren urteurrenean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak bere Gobernuaren bilera berezi batean adierazi du Israel "berpizte gerra batean" murgilduta dagoela, urriaren 7an jazotako "berriro ez gertatzeko". Abu Obaida Hamasen beso armatuaren bozeramaileak, ostera, uste du Israel "Lurreko nazio guztiek zokoratuta" bizi dela.
"Egun beltz hartatik, zazpi frontetan gaude erasopean", esan du Netanyahuk. Israelgo lehen ministroak berretsi duenez, eraso etengabeei amaiera emango die "soilik bere helburuak betetzen dituenean: Hamasekin amaitzea, desplazatutako israeldarrak beren etxeetara itzultzea (60.000tik gora iparraldean eta 15.000tik gora hegoaldean), Gazan jarraitzen duten 97 bahituak askatzea eta etorkizuneko edozein mehatxu zapuztea".
Gainera, lehen ministroak Jerusalemen eroritakoen oroimenez egindako ekitaldi batean parte hartu du gaur. Bertan, israeldarrak "otsoen nazio" gisa altxatu zirela azpimarratu du.
"Gure heroiak aberriaren defentsan erori ziren. Duela urtebete izugarrizko sarraskia izan zen, eta herri gisa altxatu ginen, lehoi gisa", nabarmendu du ekitaldian, Jerusalemen eroritakoen omenez egindako monumentu batean. "Gure eskualdeko errealitatea aldatzen ari gara", ziurtatu du, agintariak behin eta berriz errepikatzen duen mantra.
¿LIVE: Qassam Brigades spokesman Abu Obaida making statement marking first anniv. of Al-Aqsa Flood Operation https://t.co/4plLn1hH4X
— Live Stream (@video_streamz) October 7, 2024
Bestalde, Abu Obaidak urriaren 7ko erasoak defendatu eta "prebentziozko" ekintzatzat jo ditu. Gainera, beso armatuaren bozeramaileak eskerrak eman dizkie Libano, Siria, Irak eta Yemengo miliziei Israelen aurkako erasoengatik, baita Irani ere bi kontraeraso masiboengatik. Bietan ehunka misil balistiko erabili zituen Teheranek, eta horietako batzuek helburua harrapatu zuten.
Bozeramailearen hitzetan, Israel erregimen "basati, hiltzaile eta kriminal" bat da. Gainera, Ameriketako Estatu Batuei laguntza militar erabakigarria ematea leporatu die. Era berean, argi utzi du Hamasek borrokan jarraituko duela, eta Netanyahuri leporatu dio su-etena lortzeko negoziazioetan oztopo nagusia izatea.
Ezzeldin al Qassam Brigadetako bozeramailearen esanetan, milizia "gerra luze" baterako prestatzen ari da, eta "etsaiarentzat garestia" izango dela uste du. Hamasen beso armatutik "borroka" aldarrikatu dute, eta 'Al Aqsako uholdea' operazioa hasi eta urtebetera. "Gazak bere indarra erakutsi du eta Israelen okupazioari aurre egiten jarraituko du", ohartarazi dute.
Duela urtebeteko erasoak "Jerusalemgo Meskiten Zelaigunearen aurkako okupazioa aurrekaririk gabeko muga arriskutsuetara iristen ari zenean" gertatu zirela gogorarazi du.
"Okupazio indarrei eta bere Gobernu terroristari Palestina bakar bat Jordan ibaitik haratago onartu nahi ez izatea" leporatu die Obidak. Hori dela eta, "Zisjordanian izandako sarraskiek etsaiaren krimenak gure herriaren kontrako erabaki estrategikoa direla baieztatzen dute", erantsi duenez.
Bahituak ere aipatu ditu, eta "Israelen irmokeriak jarraitzen badu, presoen kapitulua tunel ilun batean sartuko da", esan du. "Etsaiak indarraren hizkuntza baino ez du ulertzen, eta armak armekin bakarrik borrokatu daitezke", deitoratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa