11:12

Mundua

EKIALDE HURBILA

Israelek Beirut erdigunea kolpatu du berriro, eta Libano hegoaldearen inbasio saiakerak ez du etenik

EITB MEDIA

Libanoko Albisteen Agentzia Nazionalak salatu duenez, erasoetako batek Osasun Agintaritza Islamiarraren zentro bat suntsitu du, osasun arreta eta zerbitzuak emateaz arduratzen dena, eta bertan "nazioartean debekatuta dauden fosforozko bonbak" erabili dituzte.

0:39
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Borrokek ez dute etenik Ekialde Hurbilean. Libano hiriburuaren aurkako erasoak bata bestearen atzetik izan dira, 14 zauritu eta gutxienez bederatzi hildako zenbatu dituzte Al Bashura auzoko eraikin baten aurkako bonbardaketan.

Libanoko Albisteen Agentzia Nazionalak (ANN) jakinarazi duenez, bonbardaketak izan dira Dahye inguruan, eta Haret Hreik, Burj al Barajna, Al Amirikan eta Al Ghobeiry auzoak izan dituzte jomuga. Muawad inguruan, berriz, eraikin bat "behera etorri" da.

Gaineratu duenez, erasoak Osasun Agintaritza Islamiarraren zentro bat suntsitu du, osasun arreta eta zerbitzuak emateaz arduratzen dena, eta bertan "nazioartean debekatuta dauden fosforozko bonbak" erabili dituzte.

Beirut erdialdearen aurka Israelek egiten duen bigarren erasoaldia da. Astelehenean, Libanoko hiriburuko Cola barrutiaren aurkako erasoan, Palestinako Fronte Popularreko hiru kide hil ziren, gutxienez.

Hala ere, Israelgo Armadak ia egunero bonbardatzen ditu Beirut hegoaldeko aldiriak, batez ere Dahye. Duela astebete Hassan Nasrallah alderdi armatuko buruzagia hil zuten bertan, bonbardaketa masibo batean.

Inbasioak aurrera jarraitzen du Libano hegoaldean

Libano hegoaldea gerra-eremu bihurtu da, eta Hezbollah milizia xiita libanoarraren eta Israelgo Armadaren arteko borrokek ez dute etenik. Hezbollahk atzo adierazi zuenez, Libanoko hegoaldean sartu diren tropa israeldarren kontra egiten ari da, eta israelek baieztatu zuen zortzi soldadu hil zirela borrokaldian, Libanon hildako lehenak.

Ostegun honetan, berriz, Israelgo Armadak adierazi du, ohar bidez, Hezbollahko 60 bat gudari hil dituela Libanon, Bint Jbeilgo (hegoaldea) udal-eraikin baten aurka egindako aire-erasoetan eta talde armatuko ustezko 15 kide inguru hil direla zehaztu du.

Nasrallahk, hil baino lehenxeago, su-etenari oniritzia eman zion

CNN telebista kate estatubatuarrean egindako elkarrizketa batean, Libanoko diplomaziaburuak adierazi du Hezbollah talde xiita libanoarreko buru Hassan Nasrallahk 21 eguneko su-etena adostu zuela Israelek erail baino egun batzuk lehenxeago. 

Libanoko Atzerri ministroak adierazi duenez, herrialdeak erabaki horren berri eman zien Estatu Batuei eta Frantziari, eta su-etenaren proposamena aurkeztu zuten.

Borrell: "Israelek mugak gainditu ditu Gazan zein Libanon"

Josep Borrell Europar Batasunak Atzerri Gaietarako eta Segurtasun Politikarako duen goi-ordezkariak Israelek erasoetatik defendatzeko duen eskubidea babestu du gaur berriro, baina Gazan eta Libanon mugak gainditu dituela uste du.

Europako diplomazia buruaren ustez, "Gazako hondakinen azpian dozenaka mila hildako ez ezik, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa ere lurperatuta daude, aldarrikatzen ditugun baina betetzen ez diren eginbeharrak ez betetzearen adibide argia izan delako, eta horiek betearazteko indarrik ere ez dugulako".

Siriako muga

Duela astebete Israelek egindako erasoen ondorioz Libanotik Siriara behartuta ihes egin behar izan duten herritaren kopurua 160.000ra igo da, horien artean % 70 siriarrak dira, Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziak (ACNUR) jakitera eman duenez.

Israelgo Armadak ziurtatu duenez, Hezbollah Siriaren eta Libanoren arteko mugako pasabidea nagusia erabiltzen ari da, Masnaa Libanon eta Jdeidet Yabous Sirian, "herrialdean material belikoa sartzeko", eta "eraso egiteko" mehatxua egin du, Libanoko Armadak "armak dituzten kamioiak sartzea saihesten ez badu".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena