09:14

Mundua

Ekialde Hurbila

Iranen erasoari erantzungo diola agindu du Netanyahuk: "Akats larria egin du, ordaindu egingo du"

Agentziak | EITB Media

Misilekin egindako erasoa bukatutzat eman du Teheranek, baina ohartarazi Israelen errepresalien aurrean "erantzuna irmoagoa eta gogorragoa" izango dela. Bien bitartean, Tel Avivek Libano eta Palestina bonbardeatzen jarraitzen du.

0:44
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mendekua. Hitz hori aipatu ez badu ere, kutsu hori darie Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak bart, Iranek 200 bat misil jaurti ondoren, egindako adierazpenei. Horren esanetan, "Iranek akats larria egin du, eta ordaindu egingo du". 

"Irango erregimenak ez du ulertu erabakita gaude geure burua defendatu eta gure etsaiak desagerrazteko (...) Itxuraz, Teheranen batzuek ez dute ulertu. Ulertu egingo dute", nabarmendu du oldarkor bere sare sozialetan zabaldutako hitzaldi batean. 

Netanyahuren arabera, Israelek eraso egiten dionari erantzuten dio, eta printzipio horri heltzen diotela Gazan eta Zisjordanian baina baita Libanon, Sirian eta Iranen ere. 

"Gaur, inoiz baino gehiago, argiaren indarrek bat egin behar dute eta batera iluntasunaren erregimenaren aurka egin, gure eskualdean terrorea eta gaizkia zabaltzen dituena baita. Israelekin bat egin behar dute. Munduaren hautua ez da inoiz hain garbi egon", azpimarratu du.

Atzo Tel Aviveko auzo batean izandako atentatua ere aipatu du Netanyahuk bere hitzaldian. Sei pertsona hil ziren eta bederatzi zauritu. "Misilen erasoan bezala, atentatu horren ostean esku hiltzaile bat dago. Teheran da erantzulea", salatu du. Poliziaren arabera, Israelen 19:00ak zirenean jazo zen erasoa; bi gizonek tiroak bota zituzten garraiobidean; handik gutxira "neutralizatu" zituen Poliziak. 

Iran: "Erantzuna irmoagoa eta gogorragoa izango da"

Bien bitartean, Irango gobernuak jakinarazi du bukatu duela Israelen kontra misilekin egindako erasoa. Hori bai, ohartarazi duenez, estatu hebrearrak "errepresaliak bilatzen baditu" gogor erantzungo diote. 

Abas Araqchi Irango Atzerri ministroak Xn adierazi duenez, "Israelgo erregimenak gure errepresaliak bilatzen baditu, erantzuna irmoagoa eta gogorragoa izango da". 

Araqchiren ustez, "Iranek moderazio galanta erakutsi du bi hilabetez, Gazan su etena posible izan zedin", baina halakorik gertatu ez denez, erasora jo du, "betiere helburu militarren kontra". 

Azkenik, Israelen aliatuei, AEBri bereziki, zuzendu zaie: "Israelen laguntzaileek ardura gehiago dute orain Tel Aviven gerrazaleak kontrolatzeko eta euren zoramenean ez sartzeko". 

Araqchik berak jakinarazi duenez, Erresuma Batuko, Frantziako eta Alemaniako Atzerri ministroekin mintzatu da azken orduetan tentsioa baretzeko. "Irango Errepublika Islamikoak ez du tentsioa handitu nahi, ez du gerrarik nahi, baina ez da horren beldur. Gainerakoei gatazkan eskua ez hartzeko eskatzen diegu", helarazi die. 

Irandarrak misilen erasoa ospatzen. EFE

Irandarrak misilen erasoa ospatzen. EFE

Libano eta Gaza jomugan, Israelek 

Israelgo Armadak Beirut eta Libano hegoaldea bonbardatzen jarraitu du gaur. Litani ibaitik hegoaldera ez joateko deia egin die, beste behin, libanoarrei. Ohartarazi duenez, "borroka biziak" izaten ari dira han Hezbollahren kideekin. Avichay Adraee Armadako bozeramaileak salatu duenez, talde xiita zibilak erabiltzen ari da "giza ezkutu gisa".

Israelek ez du zehaztu aurrez aurreko horiek Libanoko lurretan izaten ari diren ala aire erasoak diren. Izan ere, Netanyahuren gobernuak lurreko inbasioa abiatu zuela iragarri bazuen ere, Hezbollahk erabat ukatu zuen. 

Palestinan, Gazako Zerrendaren iparraldean, Israelek bederatzi pertsona hil ditu eta 20 zauritu eskola baten eta umezurtz-etxe baten kontra egindako erasoan. Armadaren arabera, Hamaseko ekintzaileak izan dituzte helburu. 

Bestalde, Gazako erdialdean, Nuseirat errefuxiatu kanpalekuaren kontra egin du, hiru hildako eta zortzi zauritutako utzita. 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena