08:59

Mundua

Mexiko

Claudia Sheinbaumek Mexikoko presidente kargua hartuko du gaur

Agentziak | EITB Media

Mexikoko lehen emakume presidentea izango denak alde handiz irabazi zituen ekaineko hauteskundeak, botoen % 61,18 eskuratuta.

  • Claudia Sheinbaum, Mexikoko lehen presidente emakumezkoa

    Claudia Sheinbaum, Mexikoko lehen presidente emakumezkoa. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Aldaketa eguna da gaurkoa Mexikon, Claudia Sheinbaum Mexikoko presidente hautatuak hurrengo sei urteetarako kargua hartuko baitu Diputatuen Ganberan egingo den inbestidura ekitaldian. Saioa 18:00etan hasiko da.

Claudia Sheinbaumek Laugarren Transformazioa delakoarekin jarraitzeko betebeharra izango du, baita Mexikoko gizarteak dituen arazoei aurre egitekoa ere: narkotrafikoa eta feminizidioak, kasu. Halaber, orain arte presidente izan den Andres Manuel Lopez Obradorren itzal luzeari ere aurre egin beharko dio.

Halaber, Lopez Obradorrek onartu gabe utzi dituen 20 erreformak gauzatzeko eginkizuna izango du, besteak beste, pentsioak, osasuna eta hezkuntza unibertsalizatzea, soldatak igotzea, animalien kontrako tratu txarrak debekatzea, eta droga kimikoen salerosketa debekatzea.

Sheinbaumek aise irabazi zituen ekaineko hauteskundeak, botoen % 61,18 eskuratuta. Lopez Obrador ez bezala, Mexikoko lehen emakume presidentea izango dena analitikoagoa eta zuhurragoa da.

"Prest nago, indartsu nago, Mexikoko herria prest dago Mexikoren Laugarren Transformazioaren bigarren etapari ekiteko", esan du kargua hartu baino ordu batzuk lehenago. Halaber, eskerrak eman dizkio bere aurrekoari: "Handienen artean dago. Herrialdeak izan duen presidenterik onena da".

Espainiak ez du goi mailako ordezkaririk bidaliko gaurko inbestidura saiora, Felipe VI.a Espainiako erregea gonbidatu ez dutelako. Dena den, mundu osoko agintari andana elkartuko dira Mexikon, hala nola Jill Biden AEBko lehen dama, Miguel Diaz-Canel Kubako presidentea, Lula da Silva, Brasilgoa; Gabriel Boric, Txilekoa; Gustavo Petro, Kolonbiakoa; Xiomara Castro, Hondurasekoa, eta Bernardo Arevalo, Guatemalakoa, besteak beste.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena