16:34

Mundua

EKIALDE HURBILA

Israel ez da Libano hegoaldean sartu, Hezbollahren arabera

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Zabaldutako informazioa gezurra dela adierazi du talde xiitak, eta bi herrialdeen arteko mugan "borrokarik ez" dagoela erantsi. Aurrez, Tel Avivek iragarri du "lurreko eraso mugatu, lokalizatu eta selektiboak" egiten hasi dela.

0:44
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

"Okupazio indarrak Libanon sartu direla dioten albiste sionistak faltsuak dira". Modu horretara ukatu du Hezbollah talde xiitak Israelgo Armadak Libanon lurreko erasoa egin duela.

Mohamad Afif Nabulsi Hezbollahko bozeramaileak Al Yazira telebista katean nabarmendu duenez, "ez dago borrokarik erresistentzia eta okupazio indarren artean". 

"Gure mujahidinak prest daude etsaiari aurre egiteko, baldin eta Libanon sartzeko ausardia badute", 

Ordu batzuk lehenago, kontrakoa iragarri du Israelek: lurreko erasoa abiatu du Libanon, eta "gerraren hurrengo faseari" ekin dio. Israelgo Defentsa Indarrek ohar bidez jakinarazi dutenez, "informazio zehatza oinarri, Hezbollahk Libano hegoaldean dituen azpiegitura eta helburu terroristen kontrako lurreko eraso mugatu, lokalizatu eta selektiboak egingo ditugu". Argudiatu duenez, Hamasek iazko urriaren 7an egin zuen erasoaren tankerakoa prestatzen ari zen Hezbollah, eta hori eragozteko egin dute inbasioa.

Era berean, Estatu Batuetako goi funtzionario batek ohartarazi du Iran Israelen kontrako misil balistikoekin egindako eraso bat prestatzen ari dela. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak hiritarrei eskatu die segurtasun aginduak "zorrotz" betetzeko.

Aurreko egunetan bezala, aireko erasoak egin ditu Tel Avivek, eta testuinguru horretan, Libanoko Ain al Hilweh errefuxiatuen kanpalekua bonbardatu du Israelek. Sidon (hegoaldea) hiritik gertu dago, eta 100.000 palestinar bizi dira han. Lehen datuen arabera, bost pertsona hil dira erasoan. Palestinako iturrien arabera, erasoak Munir Al-Maqdah Al-Aqsako martirien buruzagiaren etxea izan du helburu. Gainera, estatu sionistak baieztatu du Beirut hegoaldean ere aire erasoak egin dituela, ustez armak egiteko lantegiak eta azpiegitura militarrak jomugan. Aurrez, gunea ebakuatzeko eskatu omen du. 

Erreskate taldeak biktimen bila Sidonen. EFE

Erreskate taldeak biktimen bila, Sidonen. EFE

Azken bi asteotan, 1.000 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek Libanon. Era berean, milioi bat lagunek etxea utzi behar izan dute, bonbardaketen beldur.

Hezbollahk ere erasoak egin ditu

Talde xiitaren arabera, hainbat jaurtigai (artilleria eta koheteak) bota dituzte Metula herrian, Israelgo iparraldeko mugan, pilatutako tropa israeldarren kontra.   

Hezbollahk nabarmendu duenez, gune militarrari eraso diote, "Israelgo soldadu arerioak bete-betean harrapatuta". 

Israelek jakinarazi duenez, "borroka biziak" dituzte Hezbollahrekin. Horren harira, zibilei Litani ibaiaren hegoaldera (Libano hegoaldea, Israelgo iparraldetik gertu) ez joateko agindu die. 

AEBren "bedeinkapenarekin"

Ameriketako Estatu Batuen babesa izaten jarraitzen du Israelek. Izan ere, Libanoko mugan dagoen "erasorako azpiegitura desegin beharra dagoela" adostu dute bart Lloyd J. Austin AEBko Defentsa idazkariak eta Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak. Helburua, diotenez, Hamasek duela ia urtebete egindako eraso baten tankerakoa saihestea da. 

Hori horrela, Sabrina Singh Pentagonoko bozeramaileordeak iragarri duenez, AEBk "dozenaka mila tropa" bidaliko ditu Ekialde Hurbilera, "segurtasuna indartu eta Israelen segurtasuna bermatze aldera". 

Hainbat herrialde arabiarrek diruz lagundu dute Libano

Ekialde Hurbileko eskalatzearen aurrean, Arabiar Emirerri Batuek eta Qatarrek babesa agertu diote Libanori. Abu Dhabik 100 milioi dolarreko "laguntza urgentea" bideratzea adostu du. "Arabiar Emirerri Batuek Libanoren batasun, subiranotasun eta lurralde osotasunaren defentsa irmoa egiten dute, eta Libanoko herri anaiari lagunduko diote desafioen aurrean", adierazi du Atzerri Ministerioak ohar batean, Israel zuzenean aipatu gabe. 

Bestalde, Mohamed bin Abdulrahamn al Thani Qatarreko lehen ministroak Joseph Aoun Libanoko Armadako komandanteari deitu dio, babesa adierazteko. Uztailean, 20 milioi dolarreko dohaintza egin zion Dohak Beiruti eta 2022an 60 milioikoa eman zion. Halaber, gaurtik hasita eta hiru hilabetez 15 milioi dolarreko dirulaguntza emango dio, erregaia eskuratzeko. 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena