22:27

Mundua

Hauteskundeak Austrian

Ultraeskuinak garaipen historikoa lortu du Austrian, baina ez dute aliaturik gobernatzeko

Agentziak | EITB

FPÖk botoen % 28,8 lortu ditu (2019an baino % 13 gehiago). ÖVP Alderdi Popularrak % 26,3 (% 11 gutxiago), eta SPÖ sozialdemokrata izan da hirugarren indarra, botoen % 21,1 jasota (% 0,3 gutxiago). Ultraeskuina alde batera utzi eta koalizio handiaren teoria ari da indarra hartzen, gobernatzeko.

  • FPÖ alderdi ultranazionalistako kideak garaipena ospatzen. Argazkia: EFE.

    FPÖ alderdi ultranazionalistako kideak garaipena ospatzen. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eskuin muturreko FPÖ alderdi ultranazionalistak lehen aldiz irabazi ditu Austriako Parlamenturako hauteskundeak, botoen % 28,8 lortuta, boto zenbaketa ia amaituta, ÖVP kontserbadorearen aurretik (% 26,3).

"Boto-emaileek hitz egin dute", esan du Herbert Kickl FPÖko buruak, eta emaitza horrek herrialdeak norabide aldaketa nahi duela erakusten duela nabarmendu du.

Eskuin muturreko alderdi ultranazionalistak % 13 egin du gora 2019ko emaitzekin alderatuta, immigrazioaren aurkako mezuak zabalduz, eta kontserbadoreek eta ekologistek osatutako Gobernuak covid-19aren pandemia kontrolatzeko hartutako neurriei kritika zorrotza eginez.

Austriako Alderdi Popularrak (ÖVP) hamaika puntu galdu ditu azken hauteskundeetatik gaurkoetara, eta bigarren geratu da. Karl Nehammer Gobernuko egungo buruak eta ÖVPko buruzagiak berriz adierazi du ez dutela FPÖrekin bat egingo Gobernua osatzeko. 

SPÖ alderdi sozialdemokrata izan da hirugarren indarra, botoen % 21,1 jasota.  Halaber, Neos liberala (% 8,8) eta Berdeak (% 8,7) ere Parlamentuan izango dira. Azken horiek Alderdi Popularraren kide minoritario izan dira Gobernuan, eta bost puntu baino gehiago galdu dituzte azken hauteskundeetako datuekin alderatuta. Hiru alderdi horiek muzin egiten diote ultraeskuinarekin gobernua osatzeari.

Aliaturik ez duela ikusita, Herbert Kickle FPÖko buruak salatu du gainerako alderdiek "bigarren mailako boto-emaile" gisa tratatzen dituztela euren aldekoak eta aurkarien printzipio demokratikoak zalantzan jarri ditu.

Behin betiko emaitzen zain, gobernua osatzeko aukera bakarra kontserbadoreen eta sozialdemokraten arteko koalizio handiaren teoria indarra hartzen ari da. 92 eserlekuko gehiengo estua izango lukete ÖVPk eta SPÖk, eta Neos liberalekin elkartuta, hiruko gobernua osatuko balute, 18 eserleku gehiago izango lituzkete.

Inoiz ez da hiruko gobernurik izan Austrian, baina analista asko horren aldeko apostua egiten hasi dira.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena