Mundua
Ekialde Hurbila
Agentziak | EITB Media
Israelgo Armadak azaldu duenez, Hezbollah talde xiitaren "kuartel nagusiak" helburu zituen beste eraso bat egin dute, baina bulego horiek "etxebizitza eraikinen azpian" daudela erantsi du.
Israelgo Armadak azaldu duenez, Hezbollah talde xiitaren "kuartel nagusiak" helburu zituen beste eraso bat egin dute Beiruten, baina bulego horiek "etxebizitza eraikinen azpian" daudela erantsi du. Bonbardaketaren ondorioz, gutxienez bi pertsona hil eta 76 zauritu dira.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak NBEren Batzar Nagusian hitzaldia amaitu eta gutxira gertatu da erasoa.
Bonbardaketak Dahieh ingurua astindu du, Libanoko hiriburuko hegoaldeko auzo bat. Libanoko hedabideek aipatutako lekukoek adierazi dutenez, azken egunotan Israelek Beiruten kontra egindako erasorik bortitzena izan da, eta hainbat eraikin suntsitu dituztela baieztatu dute.
Su-eten posible baten edo negoziazioen gaineko xurrumurruak zabaltzen diren bakoitzean, handik ordu gutxira, #Israel|ek izugarrizko bortizkeriarekin bonbardatzen du. Beti. Gaur, berdin. https://t.co/ayvYZmK5z5
— Ane Irazabal (@AneIrazabal) September 27, 2024
Daniel Hagari Armadako bozeramaileak "Hezbollahren izuaren epizentroa" bonbardatu izana justifikatu du. Erakunde horri herritar libanoarrak "giza ezkutu" gisa erabiltzea leporatu dio, "kuartelak etxebizitzen azpian nahita eraikitzeagatik".
"Munduko edozein estatu subiranok mugaren beste aldean haren suntsipena bilatzen duen erakunde terrorista bat balu egingo lukeena egiten ari da Israel", esan du bideo batean, Hezbollahk duela ia urtebetetik egindako erasoak gogora ekarriz.
Erasoaren helburua Hassan Nasrallah milizia xiitaren buruzagia zen, segurtasun iturriek Israelgo prentsari baieztatu diotenez. Hala ere, Armadak ezin izan du baieztatu erasoa izan denean bertan zegoen ala ez. Esan bezala, leherketak eraikinak suntsitu ditu, eta ke eta hauts zutabe erraldoia eragin du Libanoko hiriburuan.
Leherketa bortitzek hiriburu osoan eta inguruko herrietan izan dute oihartzuna, eta aurreko bonbardaketetan ez bezala, ke zutabeak oso urrunetik ikusi ahal izan dira.
Israelko Armadak 2023ko urriaren 8tik eremu horren aurka egin duen seigarren erasoa da, laugarrena astebetean.
Ostiralean, 50 pertsona baino gehiago hil zituzten Israelen bonbardaketa batean. Eraso horren ondorioz, bi eraikin behera etorri ziren. Hurrengo egunetan, gainera, ustez Hezbollahko goi-kargudunen aurkako hiru ekintza egin zituzten; horietako batek huts egin zuen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa