21:12

Mundua

FRANTZIA

Gobernu eskuindarra izendatu du Macronek hauteskundeak egin eta bi hilabete eta erdira

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Eskuinerako bira ideologiko hori garbi irudikatzen du Gobernu berriko Barne Ministro izango den Bruno Retailleau "eskuin gogorreko" kideak. Bestalde, milaka pertsona kalera atera dira protestan Frantzia osoan, Macronen dimisioa eskatzeko.

  • Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Argazkia: EFE

    Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Michel Barnier lehen ministro kontserbadoreak proposatutako gobernukideen berri eman du larunbat honetan, hauteskundeak egin eta bi hilabete eta erdira. Gobernu berriak eskuinetik datozen ministroei eman dizkie Barne, Nekazaritza, Osasun, Kultura eta Hezkuntza.

Eskuinerako bira ideologiko hori irudikatzen duen gobernu berriaren funtsezko piezetako bat Bruno Retailleau Barne ministroa da, orain arte Errepublikanoen (LR, Barnierren alderdia) Senatuko taldeko burua izan dena. Immigrazioaren arloan jarrera bereziki gogorrak izateagatik da ezaguna, eta Europar Batasunean mugen kontrolak indartzearen aldekoa da.

Duela 63 urte jaio zen Cholet hirian, Vendeen, historikoki eskuindarra den lurraldean, eta departamendu horren ordezkari izan da 1980ko hamarkadatik.

Alexis Kohler Eliseoko idazkari nagusiak jakinarazi duen zerrendan, ezkerretik etorritako pertsona bakarra dago, ia 22 urtez diputatu sozialista izan zen Didier Migaud, Justizia ministro gisa.

Bestalde, Jean-Noel Barrot 41 urteko ekonomialaria izango da Frantziako diplomaziaren arduradun berria, Michel Barnier lehen ministroaren Gobernu berrian martxotik betetzen ari zen Europako Gaietarako Sailetik igo baitute.

Manifestazioak Frantzian

Bestalde, hainbat alderdi eta erakunde ezkertiarrek manifestazioak antolatu dituzte larunbat honetan Frantziako 50 bat hiritan, lehen ministro kontserbadorearen Gobernu berriaren aurka. Michel Barnierrek Gobernua osatzeko hautatu dituen kideen berri eman baino lehen deitu zituzten manifestazioak.

Kasu askotan ikasleen eta feministen ekimenez deitu dituzten protesta horiek bereziki Jean-Luc Melenchonen Frantzia Intsumisoaren (LFI) eta Ekologisten babesa izan dute. Caen eta Bordele hirietan goizean egin badituzte ere, gehienak arratsaldean izan dira, eta Parisen egin dute jendetsuena.

"Macron kargugatu" izan da manifestarien pankartetan eta leloetan gehien errepikatu den esaldia.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena