Mundua
Ekialde Hurbila
Agentziak | EITB Media
Bonbardaketak apartamentu-eraikin bat jo du Dahieh inguruan, eta bi eraikin behera erori dira. Erasoaren helburua Ibrahim Aqil Hezbollahko kidea zen. Israelgo Armadak Aqil hil duela esan du.
Israelgo Armadak Libanoko hiriburuaren aurkako "bonbardaketa selektiboa" egin duela esan du gaur, eta 31 hildako, tartean hiru haur, eta 68 zauritu utzi ditu. Gauzak horrela, Ekialde Hurbileko gatazka areagotzeko arriskua handiagoa da orain.
NNA Libanoko albiste-agentziak zabaldutako informazioaren arabera, bonbardaketak apartamentu-eraikin bat jo du Dahieh inguruan. Beirut hegoaldean, xiitak dira gehiengo, eta Hezbollahren eragina handia da.
Defentsa Zibileko eta Libanoko Gurutze Gorriko anbulantzietan eraman dituzte zaurituak inguru horretatik, adineko pertsona ugari tartean.
Bestalde, Libanoko Defentsa Zibileko taldeak behera erori diren bi eraikinetako hondakinen artean pertsonen bila aritu dira, erakunde horrek X sare sozialean azaldu duenaren arabera.
Libanoko larrialdi zerbitzuak Beiruten. Argazkia: EFE
Defentsa Ministerioko iturriek Israelgo hedabideei baieztatu dietenez, erasoaren helburua Ibrahim Aqil zen, eta hil egin dute. Aqil (Tahsin ezizenaz ezagunagoa) Jihadeko Kontseiluko kidea zen, Hezbollahren talde militar nagusiko kidea, eta Jihad Islamikoaren kide izan zen. Talde horrek bere gain hartu zuen 1983an AEBk Beiruten zuen enbaxadaren aurkako erasoa.
"Gure helburuak argiak dira, eta gure ekintzek berez hitz egiten dute", esan du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, Israelgo Armadak Aqilen heriotza baieztatu eta gutxira.
Uztailaren 30ean, Israelek erasoa egin zuen Beiruten, Fuad Sukur Hezbollahko komandantea hiltzeko (Iranen aholkulari bat eta bost zibil ere hil zituzten, bi haur tartean), Irango hiriburuan Ismail Haniye Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduko buruzagi politikoa hil baino egun bat lehenago.
Bonbardaketa, gainera, inguruan tentsioak gorakada handia izan duenean iritsi da, komunikazio dispositiboen leherketa koordinatua izan ondoren irailaren 17an eta 18an. Eraso horiek ere Israelek egin omen ditu, eta 40 hildako eta 3.000 zauritu utzi dituzte, Libanoko agintariek egindako azken balantzearen arabera.
Israelen azken erasoaren ondoren, Stephane Dujarric NBEko idazkari nagusiaren bozeramaileak tentsioa murrizteko eta ahalik eta moderazio handiena izateko eskatu die Ekialde Hurbileko gatazkaren aldeei.
"Aldeei eskatzen diegu berehala eten ditzatela erasoak eta Segurtasun Kontseiluaren 1.701 ebazpena erabat ezar dezatela. Eskualdea hondamendi baten atarian dago", ohartarazi du prentsaurrekoan. Halaber, bide diplomatikoak berriro bultzatzeko "ahalegin guztiak" egiteko deia egin du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa