22:36

Mundua

Ekialde Hurbila

Israelek 50 bonbardaketa baino gehiago egin ditu Libanon, gatazka areagotuz

Agentziak | EITB Media

Israelek Libano hegoaldean egindako erasoek bat egin dute Hasan Nasrala Hezbollahko buruzagiak telebistan emandako hitzaldiarekin. Gerra psikologikoaren parte den ekintza batean, ehiza-hegazkin israeldarrek Beirut gainean soinu-hesia hautsi dute.

  • Ke zutabeak Israelen eta Libanoren arteko mugan. Argazkia: EFE

    Ke zutabeak Israelen eta Libanoren arteko mugan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Israelgo Armadak Hezbollah milizia xiitaren aurkako bonbardaketak egin ditu gaur arratsaldean Libano hegoaldean, gatazka areagotuz.

Israelgo ehiza-hegazkinek 50 bonbardaketa baino gehiago egin dituzte gaur  Libanoko hegoaldean eta hego-ekialdean, Hezbollah talde xiitaren Al Manar telebista kateak zehaztu duenez.

"Etsai sionistak 52 aire bonbardaketa egin ditu Al Hargiyako (Al Mahmudeya), Al Aishiyako kanpoaldeko, Rihango gainetako eta Nahr Barhaz inguruetako eremuen aurka", adierazi du talde xiitaren bozeramaile gisa jarduten duen kateak.

Agiri batean, Israelgo Armadak esan du "une honetan Hezbollahk Libanon dituen helburuei eraso egiten" ari dela, "miliziaren gaitasunak eta azpiegitura kaltetu eta suntsitzeko".

Xedea "Israelgo iparraldera segurtasuna eramatea da, bertako bizilagunak beren etxeetara itzultzea ahalbidetzeko", erantsi du Armadak, Hezbollahrekin gatazka areagotu zenetik ebakuatuta jarraitzen duten 60.000 israeldar ingururi erreferentzia eginez.

Israelen ehiza-hegazkin bat Beiruteko zeruan. Argazkia: EFE

Israelen ehiza-hegazkin bat Beiruteko zeruan. Argazkia: EFE

Bestalde, Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak mezu bera errepikatu du ordu batzuk geroago Israelgo beste segurtasun eta inteligentzia kargudun batzuekin izandako bileran, eta berretsi du Israelek "fase berri bati" ekingo diola, eta Hezbollahren aurkako operazio militarrek aurrera jarraituko dutela.

Herzi Halevi Israelgo Armadako Estatu Nagusiko buruak asteazkenean esan zuen iparraldeko frontean "eraso eta defentsa egitasmoak" onartu zituela, Israelgo Armadak hegoaldetik (Gazako Zerrendaren aurkako erasoek jarraitzen duten tokitik) iparraldeko mugara (Libano) igaro ahala.

Israelek Libano hegoaldean egindako erasoek bat egin dute Hasan Nasrala Hezbollahko buruzagiak telebistan emandako hitzaldi batekin, aste honetan Libanon 37 pertsona hil eta ia 3.000 zauritu dituzten tresna elektronikoen leherketen inguruan.

Gerra psikologikoaren parte den ekintza batean, ehiza-hegazkin israeldarrek Libanoko hiriburuaren gainean soinu-hesia hautsi dute, ateak, kristalak eta leihoak dardarka jarri dituzten burrunba biziak eraginez, eta autoen alarmak ere piztu dira kaleetan.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena