Mundua
VENEZUELA
Madurok esan du atxilotutako bilbotarrak "terroristak" direla: "Bonbak jartzera eta jendea hiltzera datoz"
EITB MEDIA
Venezuelako presidenteak hitz gogorrak izan ditu Jose Maria Basoa eta Andres Martinezen kontra. Turismo egitera joandakoak direla argudiatzen dute senitartekoek. Maduroren arabera, ordea, "denbora librean bonbak jartzen dituzten terroristak dira".
Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen aburuz, Jose Mari Basoa Valdovinos eta Andres Martinez Adasme herrialde latino-amerikarrean atxilo hartutako bilbotarrak "terroristak" dira, CNI Espainiako Inteligentzia Zentroko "ezkutuko" agenteak. Caracasek Maduro presidentea "hiltzeko plan bat" izatea egozten die biei, eta atxilotuta ditu irailaren 11z geroztik.
Venezuelako presidenteak auziari buruz hitz egiten duen lehen aldia da. Con Maduro+ asteroko telebista saioan egin ditu adierazpenak.
Basoaren eta Martinezen senitartekoek diotenez, turismo egitera joanak ziren biak. Maduroren arabera, ordea, "euren denbora librean bonbak jartzen dituzten terroristak dira". Ironiaz nabarmendu duenez, "turismo mota berri bat da: abenturazkoa. Bonbak jartzera eta jendea hiltzera datoz. Lehergailuen turismoa".
Madurok azpimarratu du Basoa eta Martinez preso dituztela, eta egindakoa aitortu dutela. "Ezagutarazi diren probak epaileen esku utzitakoen % 10 baino ez dira. Bonbak jarri eta jendea hiltzera etorritakoak ziren sasi-turista baketsu horiek", erantsi du.
"Espainiako eskuinaren hedabide hegemonikoak" ere estu hartu ditu Venezuelako presidenteak, eta "hiltzaileak, terroristak eta biktimarioak biktima bihurtzen saiatzea" egotzi die. Bertsio horren arabera, salatu duenez, "mutiko jatorrak ziren, paseoan zebiltzanak, eta hara non, Venezuelako diktadurak atxiki eta desagerrarazi ditu".
Hori horrela, Madurok argi du bien familiak, lagunek, CNIak edo Espainiako Gobernuak ez dutela aitortuko agenteak direla.
Basoa eta Martinezekin batera, AEBko hiru herritar (marine bat tartean) eta Txekiako beste bat atxilotu zituzten. Venezuelako Gobernuaren arabera, AEBrenak ziren 400 fusil atzeman zizkieten.