Itxi

Mundua

Latinoamerika

Espainiak bi bilbotarren atxiloketari buruzko informazio "ofiziala eta egiaztatua" eskatu dio Venezuelari

Agentziak | EITB Media

Era berean, Espainiako Atzerri Ministerioak leporatzen zaizkien "karguak argitzeko" eskatzen jarraitzen die Venezuelako agintariei.

  • Jose Manuel Albares Atzerri ministro. Artxiboko argazkia: EFE

    Jose Manuel Albares Atzerri ministro. Artxiboko argazkia: EFE

Espainiako Atzerri Ministerioak bi bilbotarren atxiloketari buruzko informazio "ofiziala eta egiaztatua" eskatzen jarraitzen die Venezuelako agintariei, baita leporatzen zaizkien "karguak argitzea" ere.

Ministerioko iturriek gaur adierazi dutenez, Espainiak Caracasen duen enbaxada Venezuelako Kantzilertzarekin harremanetan dago, eta atxilotuen babes diplomatikoa eta kontsularra aurrera eramango duela ziurtatu du.

Diosdado Cabello Venezuelako Barne ministroak larunbatean iragarri zuen bi espainiar atxilotu zituztela, Jose Maria Basoa eta Andres Martinez, "Espainiako Inteligentzia Zentro Nazionalarekin (CNI) loturak" eta Nicolas Maduro presidentea "hiltzeko plan bat" izatea egotzita.

Espainiako Gobernuak, ostera, ukatu egin zuen biak Inteligentzia Zerbitzukoak direnik, eta Venezuelako Gobernuari "atxilotuak artatzeko" aukera emateko ahozko ohar bat bidali ziola zehaztu zuen Enbaxadak.

Atxilotu bilbotarrek senideek salaketa jarri zuten Ertzaintzan, irailaren 9an, desagerpena salatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, senideek sortutako egoeraren berri eman zuten, Ertzaintzak kudeaketak egin zituela eta biak Venezuelan atxilotuta zeudela baieztatu ahal izan zutela. Horren berri eman zitzaien familiei.