20:39

Mundua

TRUMPEN KONTRAKO 2. ATENTATUA

Biden eta Harris erabiltzen ari diren "erretorikagatik" egin diotela tiro esan du Trumpek

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Donald Trumpen kontrako bigarren atentatuak markatu du berriro ere AEBko ezohiko hauteskunde kanpaina. Demokratak Trump jomugan jartzen ari direla salatu dute errepublikarrek. "Beraiek dira benetako mehatxua" esan du Biden eta Harrisi buruz presidente ohiak.

  • Donald Trumpen jarraitzaile bat lehen atentatuaren argazkia daraman elastikoarekin. Argazkia: EFE

    Donald Trumpen jarraitzaile bat lehen atentatuaren argazkia daraman elastikoarekin. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohiak berari tiro egitera motibatzen duen "erretorika" erabiltzea leporatu die Joe Biden presidenteari eta Kamala Harris presidenteorde eta Etxe Zurirako hautagai demokratari. 

Trumpen ustez, Ryan Wesley Routhek, igandean Floridako bere klubean golfean jokatzen ari zela ustez tiro egiteagatik atxilotu dutenak, "Biden eta Harrisen erretorikarekin bat egiten zuen, eta horregatik jokatu zuen horrela".

"Bere erretorikak eragin du niri tiro egitea, nahiz eta ni izan herrialdea salbatuko duena, eta haiek, berriz, barrutik zein kanpotik suntsitzen ari direnak", esan du Etxe Zurirako hautagai errepublikanoak Fox Newsi emandako elkarrizketa batean, "haiek dira benetako mehatxua".

"Tiratzaile hau bezalako tonto arriskutsuak entzuten ari direnak entzuteak, erretolika horiek entzuteak eragina du; baita lehenengo erasotzailearen kasuan ere", esan du Trumpek uztailean Pennsylvaniako mitin batean bere aurka tiro egin zion erasotzaileari erreferentzia eginez.

Presidente ohiaren iritziz, demokratek kanpainan erabili duten "hizkerak" eragin ditu bi gertakariak: "Nik ere erabil dezaket horrelako hizkera, haiek baino askoz hobeto, gainera, baina ez dut egiten", ohartarazi du.

Adierazpen horien aurretik, Joe Biden AEBko presidenteak ohar batean adierazi duenez, "lasaitu ederra" hartu du Trump onik dagoelako, eta Zerbitzu Sekretuen lana goraipatu du. Kamala Harris presidenteorde eta hauteskunde hauetan Trumpen aurkari denak mezu hau argitaratu du X sarean: "Indarkeriak ez du lekurik AEBn". 

Ryan Wesley Routh, el hombre detenido por el ataque a Donald Trump. Foto: EFE

Ryan Wesley Routh, Donald Trumpi eraso egiteagatik atxilotutako gizona. Argazkia: EFE

Erasoa

58 urteko gizon hawaiiar bat, Ryan Wesley Routh izenekoa, atxilotu dute bart Palm Beachen (Florida), Donald Trump AEBko presidente ohia hiltzen saiatzea egotzita. Bi kargu federal egotzi dizkiote, su-arma legez kanpo erabiltzeagatik. Routhek Trumpen alde bozkatu omen zuen 2016an, baina "atsekabetuta" zegoen bere agintaldia dela eta.

Susmagarria igandean atxilotu zuten, AK-47 eraso-errifle batekin, Trumpek West Palm Beachen duen golf-klubaren inguruko hesi batetik tiro egin ostean.

Gertakariak Floridan 13:30ean zirenean jazo ziren (19:30ean, Euskal Herrian). Zerbitzu Sekretuek armatutako gizon bat ikusi zuten golf zelaiko hesitik gertu. Trump handik 300-500 metrora zegoen, golfean.  

Zerbitzu Sekretuetako agenteek ustezko erasotzailearen kontra egin zuten tiro. Gizona korrika atera zen, eta ibilgailu batean sartu. Lekuko batek argazkia atera zion ihesean joan zen furgoneta beltzaren matrikulari, eta horri esker, handik gutxira atxilotu zuten.

Zuhaixken artean erriflea, bi motxila eta GoPro kamera bat topatu zituzten.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena