Itxi

Mundua

ERASOA AEB-N

Trumpen golf zelaian bere kontra egindako "hilketa saiakera" ikertzen ari da FBI

AGENTZIAK | EITB MEDIA

58 urteko Ryan Wesley Routh ustezko erasotzailea atxilotu eta ustez zeraman arma (AK-47 errifle bat) atzeman dute. Presidente ohia eta hautagai errepublikanoa onik dago.

0:44
Trumpen aurkarko erasoa

Donald Trump AEBko presidente izandakoaren kontrako bigarren atentatu saiakera izan omen da bart. Gizon bat atxilotu dute AEBko Zerbitzu Sekretuek, Trumpen golf zelaian AK-47 errifle batekin haren kontra tiro egiteko asmoa zuelakoan. Dena dela, ez da tiroketarik izan, eta presidente ohia onik dago, berak iragarri duenez. 

"Tiroak izan dira nigandik gertu, baina zurrumurruak hedatu baino lehen, entzun hau: ONIK NAGO!", adierazi du Trumpek berak ohar batean. 

FBIk baieztatu duenez, Trump International Golf Clubean (West Palm Beach, Florida) gertatutakoa "hilketa saiakera" gisa ikertzen ari dira. 

Gertakariak Floridan 13:30ean zirenean jazo dira (19:30ean, Euskal Herrian). Zerbitzu Sekretuek armatutako gizon bat ikusi dute golf zelaiko hesitik gertu. Trump handik 300-500 metrora zegoen, golfean.  

Zerbitzu Sekretuetako agenteek ustezko erasotzailearen kontra egin dute tiro. Gizona korrika atera da, eta ibilgailu batean sartu. Lekuko batek argazkia atera dio ihesean joan den furgoneta beltzaren matrikulari, eta horri esker, handik gutxira atxilotu dute. 

Zuhaixken artean erriflea, bi motxila eta GoPro kamera bat topatu dituzte. 

Palm Beacheko sheriffa, atzeman duten armaren argazkiarekin. EFE

Palm Beacheko sheriffa, atzeman duten armaren argazkiarekin. EFE

Atxilo hartutakoa 58 urteko gizonezko bat da, Ryan Wesley Routh, AEBko hedabideek zabaldu dutenez. Wesley oso aktiboa da sare sozialetan, eta Ipar Karolinan eta Hawaiin bizi izan da. Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, duela 20 urte metrailadore bat legez kanpo izateagatik zigortu zuten. 

Atxilotutakoaren semeak CNN telebista kateari esan dionez, ez du uste aita "erokeria bat, eta are gutxiago, indarkeriazko ekintza bat" egiteko gai denik. 

Joe Biden AEBko presidenteak ohar batean adierazi duenez, "lasaitu ederra" hartu du Trump onik dagoelako, eta Zerbitzu Sekretuen lana goraipatu du. 

Kamala Harris presidenteorde eta Trumpen aurkaria hauteskundeetan X sarean eskegi du mezua. "Indarkeriak ez du lekurik AEBn", azpimarratu du. 

Uztailaren erdialdean ere eraso zioten Trumpi, mitin batean parte hartzen ari zela. Belarri batean zauritu zuten orduan, eta erasotzaileak hil egin zuten Zerbizu Sekretuetako kideek.