Mundua
Krisi diplomatikoa
agentziak | eitb media
Yvan Gil Venezuelako Atzerri ministroaren ustez, Margarita Robles Defentsa ministroaren hitzak "lotsagabeak eta zakarrak" izan ziren.
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea. Argazkia: EFE
Ramon Santos Espainiak Caracasen duen enbaxadorea Yvan Gil Venezuelako Atzerri ministroarekin bildu zen atzo, honek deitu ostean. Izan ere, Nicolas Maduro buru duen gobernuaren ustez, Espainiarekin dituen harremanak nahastu egin dira Pedro Sanchezen gobernuko kideen "esku-sartzeengatik".
Gilek Telegramen zabaldutako oharraren arabera, kantzilerrak argi adierazi zion diplomazialari espainiarrari ez duela onartuko "venezuelarrenak bakarrik diren eskumenetan Espainiako Gobernuak esku-sartzerik egitea".
"Venezuelako Gobernuak beharrezko neurriak hartuko ditu, nazioarteko zuzenbidearen eta diplomazia bolivartar baketsuaren bidez bere subiranotasuna babesteko", gaineratu du oharrean.
Venezuelako Atzerri ministroak bere bulegora deitu zuen Espainiak Caracasen duen enbaxadorea, bezperan Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroaren adierazpenak "lotsagabeak eta zakarrak" zirela adierazi ostean; izan ere, Espainiako Defentsa ministroak esan zuen Maduroren Gobernua "diktadura" bat dela.
Halaber, Venezuelako Gobernuak kontsultara deitu du Espainian duen enbaxadorea, Gladys Gutierrez, eta atzo arratsaldean iristea espero zuten.
Espainiako Gobernuak, bere aldetik, tentsioa baretzeko saiakera egin du azken orduotan, eta esan du Venezuelako Gobernuaren erabaki "burujabea" dela Espainiako Gobernuak Venezuelan duen enbaxadorea (Ramon Santos) deitzea eta Venezuelako Gobernuak Espainian duen enbaxadorea (Gladys Gutierrez) Venezuelara itzularaztea.
Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri Gaietarako ministroak "Venezuela herrialde senidearekin ahalik eta harreman onena" bilatu eta Espainiak Venezuelan dituen interesak defendatzearen alde egin zuen.
Espainiako Diputatuen Kongresuak, PSOEren kontrako eta PPren, Voxen, EAJren eta beste alderdi batzuen aldeko botoekin, Edmundo Gonzalez oposizioko burua Venezuelako hauteskundeen irabazle izendatzeko eskatu ostean iritsi da bi herrialdeen arteko tentsioa maila gorenera, Venezuelako oposizioaren buruak Espainiara bidaiatu eta bertan asiloa eskatu eta egun gutxira.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa