Mundua
VENEZUELA
Espainiarekin "harreman guztiak haustea" proposatu du Venezuelako Parlamentuko presidenteak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Atzo, Espainiako Kongresuak Edmundo Gonzalez Venezuelako presidente hautetsi gisa aitortzeko PPk egindako eskaria onartu ondoren iritsi da proposamena.
-
Venezuelako Asanblea Nazionalaren egoitza nagusia. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Espainiako Diputatuen Kongresuak Edmundo Gonzalez Urrutia Venezuelako presidente hautatu aitortzeak izan du lehen ondorioa bi herrialdeon arteko hartu-emanetan. Espainiarekin "harreman diplomatiko, kontsular, ekonomiko eta komertzial" guztiak haustea proposatzen duen ebazpena prestatu du Venezuelako Asanblea Nazionalak, eta hango Gobernuari helarazi dio eskaria.
Atzo egindako bilkuran, Jorge Rodriguez Asanblea Nazionaleko presidenteak premiazko bilera eskatu zion atzerri-politikaz arduratzen den batzordeari, ebazpena berehala egin zezan. "Espainiaren eta Venezuelako Errepublika Bolivartarreko Gobernuaren arteko harremanak haustea eskatzen dugu", esan zuen Rodriguezek.
"Joan daitezela hemendik Espainiako Erreinuaren Gobernuko ordezkari guztiak, eta ekar ditzagun gureak handik. Gera daitezela beraiek, euren hiltzaileekin, kolpistekin, faxistekin", erantsi zuen.
Halaber, Venezuelak Espainiako enpresekin dituen merkataritza harremanak "berehala etetea" eskatu du Rodriguezek, horren ustez, independentzia aldarrikatu geroztik Espainiak Venezuelaren aurka egin duen "bidegabekeria" handienari erantzunez.
Rodriguezen arabera, "astakeria" eta "lotsagarria" da Espainiak Venezuelako presidentea izendatu dezakeela pentsatzea.
Salatu duenez, Espainia "hiltzaileen, faxisten, kolpisten eta indarkeria erabiltzen dutenen babesleku bihurtu da", eta horien artean Leopoldo Lopez oposizioko kidea aipatu du.