Mundua
EPAIKETA FRANTZIAN
Agentziak | EITB Media
Bigarren gizon honek prozesuaren hasieran onartu zituen gertakariak. Bitartean, Dominique Pelikoten deklarazioa astelehenera arte gutxienez atzeratu dute, osasunak okerrera egin eta erietxean ingresatu dutelako.
Epaiketa egiten ari diren Avignon hiriko auzitegia. Argazkia: EFE.
Frantziako Avignon hirian Dominique Pelicoten kasuagatik epaitzen ari diren 50 gizonetako beste batek ere emaztea drogatzen zuen bortxatu ahal izateko.
Pelicoten delitu berbera leporatu diote gizonari (63 urteko Jean-Pierre M.), prozesuaren hasieran onartu baitzuen berak ere antsiolitikoak eman ohi zizkiola emazteari konortea gal zezan, eta ondoren sexu-abusuak egiten zizkiola. Sarritan, gainera, Pelicotekin batera aritzen zela aitortu zuen.
Akusatu horren alabak "barkaezintzat" jo du aitak egindakoa. Atxilotu zutenean izan zuela gertatutakoaren berri jakinarazi du, eta ziur agertu da aitak ez zuela horrelakorik egingo akusatu nagusia ezagutu izan ez balu.
Irailaren 2an hasi eta abenduan amaitzea espero duten prozesua Pelicotek gordetzen zituen artxiboetan oinarrituta dago. 2020ko irailean Carpentras hiriko supermerkatu batean emakume batzuen gonapean grabatzeagatik atxilotu zutenean, ehunka argazki eta bideo aurkitu zituen Poliziak. Horietako batzuetan Giselle Pelicot agertzen da, akusatuaren emazte ohia, drogatuta, dozenaka gizonek sexu-abusuak egiten dizkioten bitartean. Irudiei esker akusatuen aulkian esertzen diren 50 gizon identifikatu ahal izan dituzte.
Dominique Pelicot akusatu nagusiaren deklarazioa gutxienez astelehenera arte atzeratu behar izan dute. Bere osasunak okerrera egin du eta ospitaleratu behar izan dute. Abokatuek diotenez, deklarazioa Jean-Pierre M.ri leporatzen zaizkion eta inplikatuta dagoen gertakariei buruzkoa baino ez da izango.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa