Mundua
Venezuela
Edmundo Gonzalez Espainian da
agentziak | eitb media
Venezuelako oposizioburuak "presioak eta mehatxuak" salatu ditu Venezuelatik irteteko orduan. Latinoamerikako gobernuaren arabera, Espainiarekin "luze eta zabal hitz egin dute" haren irteeraz. Bestalde, Sanchezen exekutiboak azpimarratu du asiloa emateak ez duela "ordainik" izango.
-
Jarraitzaile bat Torrekon de Ardoz herrian. Argazkia: EFE
Edmundo Gonzalez Urrutia oposizioburu antichavista eta Venezuelako presidentegai izandakoak lehen gaua eman du Espainian. Atzo, igandean, iritsi zen Torrejon de Ardozera (Madril), 16:00etan.
Espainiako Atzerri Ministerioak jakitera eman duenez, emaztearekin eta Diego Martinez Belio Atzerri eta Mundu Mailako Estatu idazkariarekin batera egin du bidaia, eta Susana Sumelzo Iberoamerikarako Estatu idazkariak egin die harrera bertan.
"Aurrerantzean, asilo eskaerarako tramiteak hasiko ditugu, eta Espainiak horren alde egingo du eskubide politikoak eta venezuelar guztien osotasun fisikoa bermatze aldera —batez ere buruzagi politikoena—", esan du Atzerri Ministerioak.
Behin Espainian, Venezuelako Plataforma Unitario Demokratikoko (PUD) hautagaiak esan du "presioak eta mehatxuak" jasan dituela irtetea saihesteko. Oposizioburuak grabatutako audio batean azaldu duenez, "Venezuelako demokrazia berreskuratzeko eta askatasuna lortzeko borrokatzen" jarraituko du aurrerantzean.
Ildo berean, Maria Corina Machado oposizioko kideak azpimarratu du berak Venezuelan egingo duela "borroka", eta Gonzalezek "kanpotik".
Irteteko negoziazioak
Delcy Rodriguez Venezuelako presidenteordearen esanetan, Venezuelak "luze eta zabal hitz egin du Espainiarekin", Gonzalez herrialdetik irten zedin. Bien bitartean, Espainiako Gobernuak "ordainik gabeko negoziazio politikoa" egon denik ukatu du.
"Bi gobernuen arteko akordioa izan da, eta horretarako, luze eta zabal hitz egin dugu irteera berme guztiekin egin zedin", azaldu du Rodriguezek Telegramen duen kontuan.
Elkarrizketak ukatu ez baditu ere, Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak nabarmendu du harrerak ez duela "ordainik" izango.
Edmundo Gonzalezek berak eskatu zuen asiloa, Venezuelako Gobernuak bera atxilotzeko agindua eman ostean. Espainiarako bidaia abiatu baino lehen, bi egun eman zituen Herbehereetako kontsulatuan, ezkutatuta. Hain justu, Maduroren gobernuak iragarri du protesta oharra helaraziko diola Herbeheeretako Gobernuari, horren berri ez emateagatik.
Erreakzioak
Europar Batasuneko Atzerri Gaietako ordezkari nagusi Josep Borrellek esan du "egun tristea" dela gaurkoa demokraziarentzat, Gonzalezek asiloa eskatu eta Espainiaren babesa bilatu behar izan duelako, "gehiengo zabalarekin Venezuelako hauteskundeak irabazi zituen arren".
Oposizioburu eta Venezuelako presidente arduradun ohi Juan Guaidok —AEBra erbesteratua— ospatu egin du "venezuelarrek hautatutako presidentea seguru egotea".
"Espainian seguru dago, eta hauteskunde primarioetan babes gehien jaso zuen hautagaia, Maria Corina Machado, buru da. Lagun izango gaituzte", idatzi du X sare sozialean duen kontuan.
Venezuelako fiskal nagusi Tarek William Saabek ere mintzagai hartu du Gonzalezen irteera, eta esan "antzezlan xelebre baten amaiera iritsi dela", bidean "odola, izerdia eta malkoak" izan dituena —haren hitzetan—.