09:18

Mundua

AEB

Gutxienez lau hildako eta bederatzi zauritu AEBko institutu batean izandako tiroketa batean

Agentziak | EITB Media

14 urteko adingabe bat atxilotu dute, sarraskiaren ustezko egile gisa. Biden presidenteak "eraso-armak eta edukiera handiko kargatzaileak" debekatzeko deia egin du.

0:44
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gutxienez lau pertsona tiroz hil eta beste bederatzi zauritu dituzte Amerikako Estatu Batuetako Georgia estatuko institutu batean. Winder hiriko Apalache Institutuan izan da tiroketa, eta hango Poliziak 14 urteko mutil bat atxilotu du, tiroketaren egilea delakoan. Erasoa izan den ikastetxeko ikaslea da. Agintariek, jada, esan dute hilketa delitua leporatuko diotela eta adin nagusikoa balitz bezala epaituko dutela.

Hedabideen aurrean egindako agerraldi batean, Chris Hosey Georgiako Ikerketarako Bulegoko zuzendariak jakinarazi du "fusil erdiautomatiko" bat erabili duela erasotzaileak. Orain arte "bildutako proben arabera", erantsi du, "ez dirudi erasoan beste inoren laguntza izan duenik eta beste eskolaren bat arriskuan dagoenik".

Bi irakasle eta bi ikasle dira hildakoak. Azken horiek, 14 urtekoak. Zaurituak, berriz, inguruko erietxeetara eraman dituzte, eta arriskutik kanpo daudela jakinarazi dute osasun-arduradunek.

Joe Biden AEBko presidenteak doluminak eman dizkie biktimen familiei, eta atsekabea adierazi du beste indarkeria kasu batengatik. "Ezin dugu hori normaltzat hartzen jarraitu", adierazi du.

Bidenek gogora ekarri ditu "indarkeria armatuaren izurrite" horrekin amaitzeko abiatutako lege proposamenak, eta dei egin die errepublikanoei. "Eraso-armak eta edukiera handiko kargatzaileak debekatu behar ditugu, su-armak segurtasunez gordetzeko eskatu behar dugu, aurrekarien kontrolak aldarrikatu behar ditugu eta armagileen immunitatearrekin amaitu behar dugu", nabarmendu du.

Halaber, ikertzaileek jakinarazi dute tiroketa dela eta atxilotutako gaztea eta haren aita orain urtebete inguru galdekatu zituztela, sare-sozialetan zabaldutako hainbat mehatxu-mezu zirela eta. Biek ukatu egin omen zuten mezuon egileak zirenik.

Antza, atxilotzeko edo neurri zehatzen bat hartzeko "arrazoi nahikorik" ez zuten ikusi orduan poliziek, baina eskualdeko eskoletara abisua igorri omen zuten, "gazteari jarraipen berezia" egiteko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena