Mundua
Sare soziala
agentziak | eitb media
Herrialdean ordezkari legalik ez duelako hartu du neurria epaileak. Twitter zenari ia hiru milioi euro eskatzen dizkiote isunetan eduki batzuk ez ezabatzeagatik.
X sare sozialaren logoa.
Alexandre de Moraes Brasilgo Auzitegi Goreneko epaileak X sare soziala bertan behera uzteko agindua eman du enpresak ez duelako ordezkari legalik izendatu nahi herrialdean.
De Moraesek jada eman dio erabakiaren berri Telekomunikazioen Agentzia Nazionalari, eta orain 24 orduko epea du indarrean jartzeko. Gainera, Appleren eta Googleren sareko dendek X aplikazioa kendu beharko dute erakusleihotik bost egunen buruan.
Epaileak egunero 50.000 errealeko (8.000 euro inguru) isunekin mehatxatu ditu debekuari entzungor egin eta lehen Twitter deitzen zen sare sozialean sartzeko trikimailuak egiten dituztenentzat.
Enpresak 18 milioi errealeko (2,9 milioi euro) isunak ditu eduki batzuk ez ezabatzeagatik, eta jakitun zen De Moraesek agindua emango zuela berandu baino lehen. Komunikatu batean, adierazi du ez dituela beteko "opositore politikoak zentsuratzeko legez kanpoko aginduak".
Elon Musk sare sozialaren jabeak ere gogor jo du epailearen aurka, eta "diktadorea" eta "gaizkileetan gaizkileena" dela esan du. Enpresariak uste du, gainera, Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidentea bere esanetara duela.
Lulak, berriz, Muski erantzun dio "Brasilen inbertsioak dituen edonor" dagoela "Konstituzioa eta Brasilgo legeak betetzera behartuta", "arauak onartu" behar dituela, eta diru asko edukitzeak ez diola herrialdeko agintarien aurkako "errespetu faltak" eta "irinak" egiteko ahalmena ematen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa