Mundua
Hauteskundeak
Venezuelako Fiskaltzak deklaratzera deitu du astelehen honetan Edmundo Gonzalez, "konspirazioa" egotzita
agentziak | eitb media
Oposizioko koalizio nagusiaren webgunea ikertu nahi dute, bertan uztailaren 28ko hauteskunde presidentzialen "akten %83,5" jaso dutela eta oposizioaren garaipena ondoriozta daitekeela baitiote.
-
Edmundo González, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Venezuelako Ministerio Publikoak deklaratzera deitu du astelehen honetan Edmundo Gonzalez Urrutia oposizioaren burua, "konspirazioa" eta beste delitu batzuk egotzita, Tarek William Saab fiskal nagusiak larunbatean jakinarazi zuenez.
Fiskaltzaren eskaeraren arabera, oposizioburuak 10:00etan (Euskal Herriko 16:00etan) deklaratu beharko du Caracasen, "funtzioak usurpatzea, agiri publikoak faltsutzea, legeen desobedientziarako deia egitea, delitu informatikoak, delituak egiteko elkartea osatzea eta konspirazioa" egotzita.
Fiskaltza oposizioko koalizioaren (PUD) webgunea ikertzen ari da, bertan uztailaren 28ko hauteskunde presidentzialen "akten % 83,5" jaso zutela eta oposizioaren garaipena ondoriozta daitekeela baitiote.
Auzitegi Gorenak Maduroren garaipena berretsi eta biharamunean iritsi da Fiskaltzaren erabakia. Herrialde askok ez dute onartzen emaitza, eta hauteslekuetako agiriak argitaratzea eskatzen dute.