13:08

Mundua

Gaza, erasopean

Blinken Egiptora joan da Gazan su etena lortzeko Hamasi presioa egiteko

Agentziak | EITB Media

AEBko Estatu idazkaria bitartekari lanak egiten ari diren Egipto eta Qatarreko ordezkariekin elkartuko da, Israelek AEBk egindako su etenerako proposamena onartu eta biharamunean.

0:26
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ekialde Hurbilera egiten ari den bidaiaren baitan, Antony Blinken AEBko Estatu idazkaria Israel utzi eta Egiptora joan da Gazan su etena lortzeko ahaleginei bultzada emateko asmoz. Zehazki, Hamas mugimendu islamistari presioa egin nahi dio Gazan su etena lortzeko egindako azken proposamena onartu dezan.

Egipton Abdelfatah al Sisi presidentearekin elkartuko da lehenik, eta handik Qatarrera joango da. AEBko diplomaziaburuak Egiptori eta Qatarri eskatuko die Hamasi presioa egitea azken su eten proposamena onartu dezan.

Atzo Tel Avivera egindako bisitan, Israeleko Gobernuak onartu egin zuen AEBk Gazan su etena lortzeko eta bahitutakoak askatzeko egindako azken proposamena, eta Blinkenek hori bera egiteko eskatu zion Hamas mugimendu islamistari.

Atzo Benjamin Netanyahu lehen ministroarekin hiru orduko bilera izan ondotik iragarri zuenez, Israelek onartu egin du AEBk Dohan egindako proposamena.

Israelen baiezkoa jaso ondotik, akordiora batzeko eskatu zion Hamasi. "Orain, Hamasen esku dago gauza bera egitea", esan zuen Tel Aviven eskaini zuen prentsaurrekoan.

Blinkenek Israelera egin duen bederatzigarren bisita da, Hamasek urriaren 7ko erasoa egin eta ondoren Israelek Gazan erasoaldia hasi zuenetik. Oraingoan, Gazan su etena lortzeko ahaleginei bultzada ematea da asmoa.

Hamas mugimendu islamistak, bere aldetik, erantzun zuen "erabateko" su etenik ezean ez duela akordiorik onartuko. Hamasen arabera, aurreko proposamenek bere bi eskaera nagusiak jasotzen zituzten, hots, su eten osoa eta Israelgo Armada Gazako Zerrendatik erretiratzea.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena