Mundua
AEB-AK
Gaur hasiko da Kamala Harrisen hautagaitza onartuko duen Demokraten Biltzarra
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ostegunean amaituko da demokraten konbentzioa, Harrisek ofizialki bere izendapena onartzen duenean. Andoni Ortuzar EAJko presidentea ere Chicagon izango da.
Astelehen honetan hasiko da Estatu Batuetan Kamala Harris Etxe Zurirako hautagai ofizial izendatuko duen Demokraten Biltzar Nazionala. Joe Biden egungo AEBko presidenteak hitzaldia emango du eta Bidenez gain, Obama eta Clinton presidente ohiak ere hizlari izango dira ostegunera arte Chicagon egingo den Demokraten Batzarrean.
Bidenek eta Hillary Clintonek astelehenean hitz egingo dute, Obamak asteartean eta Bill Clintonek asteazkenean, orduak oraindik ere publiko egin ez badira ere.
Joan den abuztuaren 2an lortu zituen Harrisek azaroaren 5eko hauteskundeetarako Alderdi Demokratako hautagai izateko matematikoki behar zituen botoak, eta ostegunean onartuko du izendapena.
Aurreko egunean, asteazkenean, presidenteorde aukeratu duen Tim Walzek kargua onartzeko hitzaldia emango du.
Hiru astean inkestei buelta ematea lortuta iritsi da Harris Chicagora, kanpainarako finantzaketa hobetuta eta talentu berria erakarrita. Boto-emaile demokratak mugiaraztea lortu du, izan ere, eta 14.000 lagunetik gora bildu ditu azken mitinetan.
Harris-Walz formulak Trumpek zuen abantaila indargabetu du, inkesten arabera, AEBko Hauteskunde sisteman erabakigarriak izango diren estatuetan. Konbentzio honetatik are indartuago atera nahi du Estatu Batuetako lehen emakumezko presidentea izan nahi duen Harrisek.
Ortuzar Demokraten Biltzarrean izango da
EAJko presidente Andoni Ortuzar Alderdi Demokrataren Konbentzio Nazionalean izango da, bere alderdiko hainbat kiderekin batera. Ortuzarrekin batera, Mikel Burzako EBBko Nazioarteko Harremanetarako arduraduna joango da Chicagora.
Helburu nagusia "AEBetako Alderdi Demokratak eta Euzko Alderdi Jeltzaleak dituzten harreman bikainak are gehiago eguneratzea eta estutzea" dela dioen oharra egin du publiko alderdi jeltzaleak eta 2004tik EAJk Demokraten Konbentzio guztietan parte hartu duela gogoratu du.
"Funtsean alderdi europazalea eta atlantista gara, mendebaldeko balioak eta Giza Eskubideak defendatzen dituena. Eta, defentsa horretan, Europa indartsu bat behar dugu, Estatu Batuekin harreman sendoak, fidagarriak eta pribilegiatuak izango dituena", esan du Burzakok eta Chicagoko Konbentzioan parte hartzeak aukera emango diela uste du "Kamala Harrisen inguruan egituratuko den zuzendaritza talde berriko kideekin harreman eta konfiantza loturak ezartzeko".