Mundua
Gaza, erasopean
Agentziak | EITB Media
Israelgo 'Haaretz' egunkariaren arabera, praktika horiek behin eta berriz eraman dituzte aurrera, helburu horretarako berariaz atxilotu dituzten zibil palestinarrak erabiliz, eta Armadako goi-agintariak jakinaren gainean egon dira.
Palestinarren gorpuak Khan Yuniseko (Gaza) Nasser ospitalean. Argazkia: EFE
Israelgo Armadak (FDI) zibil palestinarrak erabili dituzte tunelak eta eraikinak miatzeko Gazako Zerrendan egindako operazioetan. "Hobe da haiek lehertzea, eta ez soldaduek", hori izan da Israelgo militarrek goi-agintariengandik jaso duten justifikazioa.
Haaretz egunkari israeldarraren arabera, praktika horiek behin eta berriz eraman dituzte aurrera, helburu horretarako berariaz atxilotu dituzten zibil palestinarrak erabiliz, eta FDIko goi-agintariak jakinaren gainean egon dira.
"Esan zuten gure bizitzak haienak baino garrantzitsuagoak direla, azkenean hobe dela gure soldaduak bizirik jarraitzea lehergailu batekin eztanda egitea baino", onartu dute soldadu batzuek Israelgo egunkari horretan.
Armadak, ostera, ziurtatu du horrelako praktikak debekatuta daudela eta informazio hori ikertzen ari direla.
Preso palestinar bat sodomizatzeagatik atxilotutako soldaduak etxean giltzapetu dituzte
Bestalde, Sde Teiman kartzelan, Israelgo hegoaldean, preso palestinar bati sexu-abusuak egiteagatik atxilotuta jarraitzen zuten bost militar israeldarrak etxean giltzapetuta egongo dira datorren asteko ostegunera arte, Fiskaltzak hala eskatuta, Haaretz egunkariak baieztatu duenez.
Uztailaren 29an, 10 militar atxilotu zituzten preso palestinarraren aurkako ustezko abusuagatik. Ospitalera hainbat saihets hautsita eta beste hezur batzuetan abusu zantzuak zituela iritsi zen, heste lodian urradura bat zuela eta ondestetik objektu arrotz bat sartzeagatik birika batean kalteak zituela, gertatu eta gutxira Israelgo irrati publikoan artatu zuen medikuak azaldu zuenez.
Ordutik, soldaduen atxiloketa astero luzatu da, baina bostek bakarrik jarraitzen dute auziperatuta.
Hamas erakunde islamistak esan du bost atxilotuak etxean giltzapetzea Armadaren "konplizitate irekia" eta "egindako krimen lazgarriak estaltzeko saiakera" dela, Israelgo agintarien babesarekin.
Gainera, Hamasek kasua ikertzeko deia egin dio nazioarteari, bereziki erakunde juridikoei: "Ikerketa sionista lotsagarriak ezin ditu nazioarteko ikerketak ordezkatu".
Ez da "kasu bakana"
Israelgo B 'Tselem gobernuz kanpoko erakundearen txosten baten arabera, Sde Teiman kartzelako erasoa ez da "kasu bakana". Erakundeak 55 preso elkarrizketatu zituen eta, haien testigantzen artean, beste palestinar batena dago. Palestinar horrek azaldu zuen soldadu bat azenario bat uzkitik sartzen saiatu zela.
Espetxe horretan, Israelgo agintariek torturak, jipoiak eta sexu-erasoak egiten dituzte segurtasun kamerarik gabeko eremuetan palestinarren aurka, horietako asko kargu formalik izan gabe preso, Israelgo Giza Eskubideen aldeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak eta Amnistia Internazionalak egindako salaketen arabera.
Urriaren 7tik, milaka palestinar, batez ere gazatarrak, Negeveko hegoaldeko basamortuan dagoen Sde Teimanen espetxeratu dituzte. Epe berean, 60 palestinar hil dira Israelgo kartzeletan, eta horietatik 48 gazatarrak, B 'Tselemen arabera.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa