Mundua
Ukrainako guerra
EITB Media
Errusiako eta Ukrainako tropak bigarren egunez jarraian borrokatzen ari dira mugako eskualdean. "Jakina denez, Kieveko erregimenak probokazio berri eta handi bat egin du", salatu du Putinek.
Kursk, Errusian.
Errusiako eta Ukrainako tropak bigarren egunez jarraian borrokatzen ari dira Kurskeko mugan, eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak "probokazio handitzat" jo du Kieven erasoaldia.
Ukrainako mugako erasoaldi hau aurrekoetatik bereizten duena zera da, Kievi leial zaizkion boluntario talde errusiarrek ez dutela aldarrikatu, eta ez duela ofizialki bere gain hartu erasoaren erantzukizuna.
Ukrainako indarrak Kursk eskualdean sartzeko aurreko saiakera martxoan izan zen. Orduan, FSBren arabera, Errusiak 100 soldadu etsai baino gehiago hil eta sei tanke suntsitu zituen.
"Jakina denez, Kieveko erregimenak probokazio berri eta handi bat egin du. Bereizi gabeko bonbardaketak egiten ditu arma mota ezberdinekin, misilak barne, eraikin zibilen, etxebizitzen eta anbulantzien aurka", kritikatu du Putinek.
Valeri Gerasimov Errusiako Estatu Nagusiko buruak adierazi duenez, Ukrainaren erasoaldian mila soldaduk parte hartu dute, eta erasoak Sudzha barrutia du jomuga, baina "gelditu egin dute".
Hain zuzen ere, gatazka belikoaren lehen urtetik, Mosku ez da gai izan mugaren segurtasuna bermatzeko, batez ere Belgorod eta Kursk eskualdeetan, Kievek ia gerra-eremu bihurtu baititu. Horren ondorioz, Putinek Ukrainako ipar-ekialdean segurtasun-eremu bat sortzeko beharra planteatu zuen.
Gainera, Putinek Gobernuari eskatu dio "atzerapenik gabe" arduratu dadila etsaien erasoaldiak kaltetu dituen herritarrei laguntzeaz.
Moskuk bezperan esan zuen Ukrainaren erasoa ezer ezean utzi duela, baina Defentsa Ministerioak gaur onartu duenez, bigarren egunez jarraian jarraitzen dute etsaien tropak kanporatzeko borrokek.
Datuen gerra
Errusiako Gobernuak dio bere Armadak 260 hildako eragin dizkiola etsaiari, eta horri 50 blindatu baino gehiago, zazpi tanke eta bi misil jaurtigailu suntsitu dituztela gehitu behar zaizkio.
DeepState Ukrainako kanal militarraren arabera, ostera, operazioa ofizialki baieztatu ez duten Ukrainako Indar Armatuek hainbat soldadu errusiar hartu dituzte preso. Errusiako hedabideek baieztatu egin dute atxilotuen nortasuna, mugaren defentsaz arduratzen ziren bi errekruta. Horiek biek, bere aldetik, sarjentu bat atxilotu zutela berretsi dute.
Ukrainarrek Errusiako bi tanke, Ka-52 helikoptero bat, kamioi militar bat eta inguruko zubi batean zegoen soldadu talde baten suntsitu dituztela jakinarazi du DeepStatek.
Xedea: Sudzha
Rybar blogari militar errusiar ezagunaren arabera, tropa ukrainarrak Sudzha barrutiko hiru herritan gotortu dira. Erasoaldiaren helburuetako bat bertako gasometro bat litzateke, Ukrainatik Europara doan gas errusiarraren fluxua mugatzen duen tanga.
Horrela, bi aldeak mugatik kilometro gutxira dauden hainbat herriren kontrola lortzeko borrokan ariko lirateke, eta beste 2.000 soldadu ukrainar beste aldean egongo lirateke, aginduen zain, Rybarrek Telegrameko bere kanalean azaldu duenez.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa