Mundua
Istiluak
Agentziak | EITB Media
Lehen ministro britainiarrak larrialdi bilera deitu du migratzaileen kontrako erasoen aurrean. Ultraeskuinak sustatuta, istilu larriak izan dira hainbat hiritan, eta ia 400 pertsona atxilotu dituzte. Rotherhamen, esaterako, asilo eskatzaileak dauden ostatu bati eraso egin diote manifestariek.
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak eskuin muturraren indarkeria salatu du eta migratzaileen kontra hainbat hiritan izaten ari diren istilu larrien egileak justiziaren esku utziko dituela agindu. Egoera aztertzeko eta erantzun bateratua adosteko, larrialdi bilera —'Cobra' deitutakoa— deitu du gaurko Starmerrek.
Ultraeskuinako taldeek bultzatuta, istiluak izan dira Liverpoolen, Bristolen, Hullen, Manchesterren edota Rotherhamen. Poliziak ia 400 pertsona atxilotu ditu. Horrez gain, hainbat agente zaurituta daude manifestariek harriak, botilak eta aulkiak jaurti dizkietelako.
Taldeok asteak zeramatzaten migratzaileen kontrako protestak antolatzen, baina tentsioak gaur zortzi, uztailaren 29an, egin zuen gora, 17 urteko mutiko batek hiru neskato hil eta zortzi adingabe eta bi heldu zauritu zituenean. Eskuin muturrak sareetan zabaldu zuenez, erasotzailea ontzi batean heldutako migratzailea ei zen. Egiaz Galesko bizilaguna da, Ruandako gurasoak dituena.
"Erasotzaileek ez dezatela zalantzarik izan: justiziaren pisu guztia izango dute gainean. Poliziak atxilotu egingo ditu, eta espetxeratzeak izango dira", nabarmendu du Starmerrek Downing Streetek zabaldutako ohar batean.
Istiluetan "zuzenean" parte hartu dutenak ez ezik, "Internet bidez indarkeria sustatu eta gero, ezkutatu diren horiek" ere izan ditu jomugan lehen ministroak. "Izan argi damutuko zaizuela", ohartarazi du.
Buruzagi laboristaren esanetan, "euren azalaren koloreagatik edo euren fedeagatik jendearen kontra egiten bada, hori eskuin muturra da, argi esango dut. Ez dira protestak, indarkeria da. Berdin dit zein den arrazoia".
"Gutxiengo komunitateen kontrako erasoak, agur naziak kaleak, Poliziaren kontrako oldarraldia, erretorika arrazista eta mugarik gabeko indarkeria... Horrek guztiak izen bat du: eskuin muturraren indarkeria", zehaztu du.
Bide beretik, Barne Ministerioak iragarri du meskitak bereziki babestuko dituela.
Ingalaterra iparraldeko hirietan izan dira istiluak. Larrienak Rotherhamen izan dira: erasotzaileek errefuxiatuak artatzeko erabiltzen den hotel baten kontra egin zuten, leihoak apurtu eta beheko solairuari su emanez. Antzeko gertakariak izan dira Tamworthen (ipar-mendebaldea), eta ultraeskuineko ekintzaileek beste harrera zentro bateko leihoak puskatu zituzten.
Kargu hartu berritan, istiluak ahalik eta lasterren apaltzeko desafioa du lehen ministro britainiarrak. Uda tarteko, Komunen Ganbera itxita dago, eta diputatuek ezin dute eskuin muturraren indarkeriaren inguruan eztabaidatu.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa