17:12

Mundua

Trukea

Nortzuk dira Errusiak eta AEBk eta aliatuek trukatu eta aske utzitako presoak?

EITB Media

26 pertsona dira, tartean militarrak eta kazetariak, eta zazpi herrialdetatik hegazkinez bidali dituzte Ankarara, trukea egiteko.

0:36
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Errusiak eta Ameriketako Estatu Batuek eta aliatuek 26 preso trukatu dituzte Ankarako aireportuan, Turkiako zerbitzu sekretuen (MIT) koordinaziopean, Turkiako NTV kateak gaur ziurtatu duenez.

26 pertsona dira, tartean militarrak eta kazetariak, eta zazpi herrialdetatik hegazkinez bidali dituzte Ankarara, trukea egiteko. The Insider egunkariaren arabera, hauek dira trukatutako eta askatutako presoak:

MENDEBALDEKO KARTZELETAN ZEUDEN PRESOAK

- Artem Dultsev eta Anna Dultseva

Artem Dultsev eta Anna Dultseva Ludwig Gisch eta Maria Rosa Mayer Muñoz argentinarrak zirelakoan bizi ziren Eslovenian, eta Ljubljanan atxilotu zituzten 2022ko amaieran. Poliziak hatz-markak alderatuta identifikatu zituen. Trukearen bezperan aitortu zuten espioiak zirela.

-Vadim Krasikov

Biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten Alemanian txetxeniar bat hiltzeagatik, eta bertako agintariek uste dute FSBkoa zela eta Moskuren aginduak betetzen zituela.

-Pablo Gonzalez

Errusiar jatorriko euskal kazetaria bi urte eta erdi preso betetzetik gertu zegoen, eta oraindik ez zekien zer leporatzen zioten.

-Roman Seleznev

Errusiako hacker informatikoa da, Track2 ezizenez ere ezaguna. Seleznev 2011n akusatu zuten AEBn. Kalkulu batzuen arabera, horren erasoek 169 milioi dolar baino gehiagoko kaltea eragin diete enpresei eta finantza-erakundeei. 2014ko uztailaren 5ean atxilotu zuten, Maldivetan oporretan zegoela, eta 27 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten iruzur elektronikoa egitea, ordenagailu babestu bati nahita erasotzea eta nortasuna lapurtzea egotzita.

-Vladislav Klyushin

Errusiako enpresaburu bat da, M-13 enpresa errusiarraren sortzaile eta zuzendari exekutiboa, zibersegurtasun eta hedabideen monitorizazio zerbitzuak eskaintzen dituena. 2021eko martxoan atxilotu zuten, Suitzara iritsi zenean, AEBko Justizia Departamentuak aginduta. AEBko enpresei lapurtutako datu konfidentzialak baliatuz informazio pribilegiatua erabiltzea leporatzen diote. 2023ko otsailaren 14an zigortu zuen epaimahai federal batek.

-Mikhail Mikushin

2022ko maiatzean, Norvegiako auzitegi batek espioitza leporatu zion Tromsoko Unibertsitateko langile bati, eta haren izena zabaldu zuen. Mikhail Valerievitx Mikushin zen, 1978ko abuztuaren 19an jaioa, eta 1984an jaiotako Jose Assis Giammaria izeneko brasildar bat zelakoan, azken urteetan arrakastaz lan egin zuen Norvegiako Tromsoko Unibertsitatean.

-Vadim Konoshchenok

Konoshchenok Serniya kontrabando-sareko kideetako bat zen, AEBtik EBren bidez Errusiako estatu-enpresetara ekipo teknologikoak legez kanpo esportatzen zituena. Konoshchenok Narvan atxilotu zuten, Estonian, 2022ko azaroan, kontrabandoa Errusiara garraiatzen ari zela. AEBko agintariek iradoki zuten Errusiako inteligentziaren zerbitzura lanean ari zela, ez soilik kontrabandista gisa.

ERRUSIAKO ETA BIELORRUSIAKO ESPETXEETAN ZEUDEN PRESOAK

-Evan Gershkovich

Wall Street Journaleko kazetaria da. 2023ko martxoan atxilotu zuten, Errusiako agintariek espioitza leporatuta, eta 16 urteko kartzela-zigorra ezarri diote duela gutxi.

-Vladimir Kara-Murza

Oposizioko politikari, kazetari, egile eta zinemagile errusiarra da. Moskuko auzitegi batek 25 urteko kartzela-zigorra ezarri zion 2023ko apirilean, traizioa, NATOko herrialdeekin lankidetza eta Errusiako Armadari buruzko informazio faltsua zabaltzea leporatuta.

-Paul Whelan

2018tik atxilotuta zuten marine ohia da, eta 16 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten 2020an, espioitza egotzita.

-Ilya Yashin

Oposizioko politikari errusiar bat da. 2022ko ekainean atxilotu zuten, eta, ondoren, gerrako zentsura-lege berriak baliatuta zigortu zuten, Indar Armatuei buruzko albiste faltsuak zabaltzea egotzita. 2022ko abenduan, 8,5 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten.

-Alsu Kurmasheva

Tatarstango (Errusia) Auzitegi Gorenak 6,5 urteko kartzela-zigorra ezarri zion kazetari errusiar-estatubatuarrari, Errusiako Armadari buruzko "informazio faltsua zabaltzeagatik". Radio Free Europe/Radio Libertyko editore gisa lan egiten zuen.

Errusian preso egon diren iparramerikarrak, itzulerako hegazkinean. Argazkia: EFE

Errusian preso egon diren estatubatuarrak, itzulerako hegazkinean. Argazkia: EFE

-Oleg Orlov

Giza eskubideen aldeko mugimenduetan parte hartu duen ekintzailea da. Sakharov Saria jaso zuen 2009an, giza eskubideen arloan egindako lanagatik. Solidarnost kontseilu politiko federaleko mugimenduko kidea da. Moskuko auzitegi batek errudun jo zuen 2024ko otsailaren 27an, Errusiako Armada gutxiestea egotzita, eta 2,5 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten.

-Alexandra Skochilenko

Sasha Skochilenko izenez ere ezaguna, artista, musikari, preso politiko eta poeta errusiarra da, The Paperen editore ohia. Skochilenko 2022ko apirilaren 11n atxilotu zuten, gerraren aurkako eskuorriak banatzeagatik supermerkatu batean. San Petersburgoko Vasileostrovsky Barrutiko Auzitegiak 7 urteko kartzela-zigorra ezarri zion 2023ko azaroaren 16an.

-Andrei Pivovarov

2022ko uztailean, 4 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten oposizioko ekintzaile, giza eskubideen defendatzaile eta Otkrytaya Rossiya (Errusia Irekia) mugimenduko (gaur egun deseginda dago) buru ohiari.

-Ksenia Fadeeva

Ksenia Fadeeva diputatu siberiarrari 9 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, Aleksei Navalni oposizioko buruzagi errusiarrari laguntza emateagatik. 2021aren amaieran atxilotu zuten lehen aldiz, Navalnirekin eta Ustelkeriaren aurkako Borrokarako Funtsarekin zuen harremanagatik.

-Lilia Chanysheva

Oposizioko kide errusiarra da. 7,5 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten 2023ko ekainaren 14an.

-Vadim Ostanin

Errusiako oposizioko beste kide bat da, eta Navalniren laguna. 2021eko abenduan atxilotu zuten, "muturreko erakunde batean parte hartzea" egotzita, eta 9 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten iazko uztailean.

-Rico Krieger

Rico Krieger, Alemaniako Gurutze Gorriko mediku ohia, Bielorrusian atxilotu zuten 2023ko urrian. Krieger turista gisa sartu zen Bielorrusian, baina Ukrainako segurtasun-zerbitzuen misio batean joan omen zen. Ustez, lehergailu bat jarri zuen trenbide batean urriaren 5ean, eta heriotza-zigorra ezarri zioten. Aliaksandr Lukaxenkak, ordea, indultua eman zion 2024ko uztailaren 30ean.

-Herman Moyzhes

Herman Moyzhes abokatua eta aktibista errusiar-alemaniarra maiatzaren 28an atxilotu zuten, traizioa leporatuta.

-Kevin Lik

Kevin Lik 18 urteko ikasle errusiarra traizioa egotzita epaitu zuten, eta bera izan zen zigortu zuten lehen ikaslea. 4 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten 2023ko abenduan. Auzitegiaren arabera, unitate militar baten kokalekuen argazkiak atera zituen Maikop Errusia hegoaldeko hirian, eta irudiak posta elektronikoz bidali zizkion "atzerriko estatu baten ordezkari bati". Likek pasaporte errusiarra eta alemaniarra ditu.

-Demuri (Dieter) Voronin

45 urteko politologoa, Errusiako zein Alemaniako herritarra, Ivan Safronov kazetariaren kasuan akusatu zuten. Safronov, Kommersant eta Vedomosti egunkarietako kazetari ohia, froga sekretuekin epaitu zuten 2022an, traizioa egotzita, eta errudun jo zuten: 22 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. 2023ko martxoan, Moskuko Udal Auzitegiak Estatuari traizioa egitea egotzita epaitu, eta errudun jo zuen, eta 13 urte eta 3 hilabeteko zigorra ezarri zion.

-Patrick Schobel

Patrick Schobel 38 urteko alemaniarra 2024ko otsailaren 14an atxilotu zuten Istanbuldik San Petersburgoko Pulkovo aireportura iristean, droga-trafikoa egotzita. Schobel epaiketaren amaieraren zain zegoen trukea egiteko erabakia heldu denean.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena