Mundua
Saharar herria
EITB Media
Europar Batasunak bere jarrera bateratuari eusten dio, hau da, NBEko idazkari nagusiari eta Mendebaldeko Sahararako mandatariari babesa adierazi die, eta irtenbidea Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren ebazpenen araberakoa izan behar dela azpimarratu du.
Fronte Polisarioaren indar armatuak. Artxiboko irudia: AFP
Europar Batasunak gaur berretsi duenez, Mendebaldeko Saharari buruzko jarrera ez da aldatu, Frantziak Marokoren subiranotasuna "bidezko konponbide politikoa lortzeko oinarri bakarra" dela onartu ostean.
"Estatu kide bakoitzari dagokio bere jarreraren arabera ekitea. Baina Europar Batasunaren jarrera bateratua ez da aldatu", azpimarratu du EBko Kanpo Arazoetako bozeramaile batek Eliseok emandako azken urratsaren ondotik.
Asteartean, Emmanuel Macronek adierazi zuen Frantziak "argi eta garbi" babesten duela Marokok 2007an proposatutako autonomia egitasmoa, eta helburua irtenbide "iraunkorra eta negoziatua" dela, "Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren ebazpenen arabera".
EBk, aldiz, bere jarrera bateratuari eusten dio, hau da, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari eta Staffan de Mistura Mendebaldeko Sahararako mandatariari babesa adieraztea, "Mendebaldeko Sahararen auziari konponbide politiko bidezkoa, errealista, pragmatikoa, iraunkorra eta onargarria lortzeko prozesu politikoarekin jarraitzeko", eta irtenbidea Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren ebazpenen araberakoa izan behar dela azpimarratzen du.
Macronen urratsa garrantzitsua izan da Marokok Sahararen gainean duen autonomia plana babesteko. Urte honen hasieran, Rabatek Frantzia bere jarreran pauso bat harago joatea eta Espainiarekin lerrokatzea nahi zuela azaldu zuen, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak 2022ko martxoan Mohamed VI.ari bidalitako gutun batean Marokoren autonomia egitasmoa gatazka konpontzeko "oinarririk serioena, sinesgarriena eta errealistena" dela esan ostean.
Marokok gaur egun okupatzen du Mendebaldeko Sahararen zatirik handiena, eta Hegoaldeko Probintziak deitzen dio. Hala ere, Marokoren subiranotasuna ez du onartzen Nazio Batuen Erakundeak, eta Fronte Polisarioak errefusatzen du. Are gehiago, Fronte Polisarioak 1976an independentzia aldarrikatu zuen, eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa sortu zuen. Orain arte, 82 estatuk onartu dute, baina horietatik 51k harremanak izoztu edo bertan behera utzi dituzte. Marokok kontrolatzen ez duen ekialdeko eskualdea administratzen du Fronte Polisarioak, eta Eremu Librea edo Lurralde Askatua deitzen dio.
1991n, bi aldeek su-eten bat sinatu zuten NBEn, sahararrek beren etorkizuna erabakitzeko autodeterminazio erreferenduma prestatzeko. Hala ere, borrokak 2020ko azaroan hasi ziren berriro, Polisarioak Marokori baldintzak urratzea leporatu ostean, Marokoko indar militarrek Guergueraten egindako erasoaren ondorioz, Mauritaniako hegoaldeko mugatik oso gertu. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2021ean ebatzi zuen Europar Batasunak "bere estatutu bereizi eta desberdina errespetatzeko" betebeharra duela.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa