Mundua
VEnezuela
Venezuelako hauteskundeak "ezin dira demokratikotzat jo", Carter Zentroaren arabera
eitb media
Zentro behatzaileak ere aipatu du ez dituztela ezagutzera eman emaitzak mahaiz mahai, eta, hori "hauteskundeetako oinarrien urraketa larria da". Madurok oposizioaren buruen aurkako prozesua abiaraztea eskatu du.
-
Una mujer deposita un voto el día de los comicios. Foto: EFE
Carter Zentroak, Venezuelako hauteskundeetan behatzaile lana egin zuen taldeak, adierazi du prozesuak ez zuela "bat egin" nazioarteko estandarrekin, hauteskundeen oinarriei dagokienez, hori dela eta, "ezin da demokratikotzat jo".
"Carter Zentroak ezin du baieztatu edo egiaztatu Venezuelako Hauteskunde Batzorde Nazionalak ezagutarazi zituen emaitzak presidentetza hauteskundeei buruz", azaldu du Zentroak ohar baten bidez.
Organizazioaren esanetan, Nicolas Maduro garailetzat jo duen hauteskunde erakundeak ez ditu jakitera eman emaitzak mahaiz mahai, eta hori "hauteskundeetako oinarrien urraketa larria da".
Arazoak "okerrera egin zuen kanpoaldean, atzerrian dauden hiritarrek aurre egin behar izan zieten neurririk gabeko oztopo legalei, batzuk arbitrarioak, erroldan izena emateko".
Oposizioaren aurkako prozesua
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak ohartarazi duenez, "herrialdea kriminalitatearen, indarkeriaren, manipulazioaren eta gezurraren bidez bereganatzeko Estatu Batuen inperialismoaren eta eskuin mutur faxistaren nazioarteko oldarraldi bati aurre egiten ari dio" herrialdeak. Ondoren, Madurok Maria Corina Machado oposizioko burua eta Edmundo Gonzalez Urrutia oposizioko presidentegaiaren aurkako prozesua abiaraztea eskatu du.
"Ez da zigorgabetasunik egongo terroristen zurrunbiloaren aurrean. Venezuelan gertatzen ari den guztiaren erantzule egiten dut González Urrutia, indarkeria kriminalarena, gaizkileena, zaurituena, hildakoena, suntsipenarena. Zeu izango zara erantzule zuzena, Edmundo González Urrutia eta María Corina Machado. Justiziak iritsi behar du, Venezuelan justizia egon behar da, ezin zaio herriari eraso egin ", baieztatu du, Efecto Coque albiste atariak.