Itxi

Mundua

Latinoamerika

NBEko Goi Komisarioak protesta baketsua egiteko herritarren eskubidea errespetatzeko eskatu dio Venezuelari

Agentziak | EITB Media

Horri erantzunez, Yvan Gil Venezuelako Atzerri ministroak "indarkeriaren bultzatzaileak zeintzuk diren aipatzea saihesteko malabarismo susmagarria" leporatu dio Volker Turk Giza Eskubideetarako Goi Komisarioari.

0:37
Caracaseko protesta baten irudia

Volker Turk Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Giza Eskubideetarako Goi Komisarioak protesta baketsua egiteko herritarren eskubidea errespetatzeko eskatu die Venezuelako agintariei, baita euren iritziak askatasunez eta beldurrik gabe eman ahal izateko ere.

"Asaldatuta nago segurtasun indarren inguruko txostenekin, neurriz kanpoko indarkeriagatik, baita Gobernua babesten duten norbanako armatuen eskutik ere, kolektibo bezala ezagutzen direnak", adierazi du NBEko ordezkariak ohar batean.

Ildo horretan, kezka agertu du joan den igandeko hauteskundeetatik hona izandako indarkeriagatik, bereziki ehunka pertsona atxilotu dituztelako, tartean haurrak. "Giza eskubideen urraketen erantzuleek kontuak eman behar dituzte", adierazi du.

"Bat egiten dut idazkari nagusiak astelehenean egin zuen eskakizunarekin, hauteskundeen inguruko eztabaida modu baketsuan eta gardentasun osoz konpontzeko, emaitzak barrutika banakatuta argitaratzea barne", gaineratu du.

Horri erantzunez, Yvan Gil Venezuelako Atzerri ministroak "malabarismo susmagarri batekin indarkeriaren bultzatzaileak aipatzea saihestea" leporatu dio Turki, eta "kutsu faxistako egitasmo bortitza" martxan dagoela salatu du.

"Zure benetako interesa giza eskubideak defendatzea bada, gaitzetsi ezazu zuzenean ultraeskuin kriminala, zibilen aurka egiten ari dena eta Venezuelako gizarte osoa mehatxatzen duena. Ez izan errugabeak beren asmo makabroekin erasotzen dutenen konplize edo babesle", erantsi du.