Mundua
Saharar herria
Marokok iragarri du Frantziak Mendebaldeko Sahararen gaineko bere autonomia plana babestuko duela
EITB Media
Aljeriak Parisen duen enbaxadorea "berehala" erretiratuko duela iragarri du. Fronte Polisarioak gogorarazi duenez, "Mendebaldeko Sahararen oraina eta etorkizuna saharar herriak erabakiko du, ez Frantziak edo beste edozein estatuk".
-
Mohamed VI.a Marokoko erregearen tronutzea ospatzeko ekitaldia. Argazkia: EFE
Marokoko errege-kabineteak gaur iragarri du Frantziak babesa emango diola Mendebaldeko Sahararako aurkeztu duen autonomia planari, gatazka konpontzeko "bide bakarra" dela azpimarratuz.
Errege-kabineteak ohar baten bidez jakinarazi duenez, babes hori modu ofizialean adierazi dio Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Mohamed VI.a erregeari bidalitako gutun batean, haren tronuratzearen 25. urteurrena dela eta. Frantziak uste du "Mendebaldeko Sahararen oraina eta etorkizuna Marokoren subiranotasunaren baitan izango direla".
Fronte Polisarioak, ordea, gogorarazi du "Mendebaldeko Sahararen oraina eta etorkizuna saharar herriak erabakiko duela, ez Frantziak edo beste edozein estatuk". Sidi Mohamed Omar Polisarioak NBEn duen enbaxadoreak bidalitako adierazpen batean nabarmendu duenez, "Frantziak eta Marokok ezin dute Saharako herriaren borondatea makurtu", eta bere independentziaren alde borrokatzen jarraituko dutela agindu du, "bidezko bitarteko guztiak erabiliz".
Omarren ustez, Frantziaren jarrera nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa da, eta, zehazkiago, Segurtasun Kontseiluko kide iraunkor gisa dituen betebeharren kontrakoa; izan ere, "Mendebaldeko Sahararen legez kanpoko okupazioa" babesten ari da, nahiz eta "deskolonizatzeko zain dagoen lurraldea izan".
Bere adierazpenekin, Omarrek Mendebaldeko Saharako gatazka Segurtasun Kontseiluaren eskumenen baitan sartzen dela azpimarratu du. Kontseilu horrek urtero berritzen du NBEk lurraldean duen misioa (Minurso), 1991n iritsi zena teorian erreferendum bat antolatzeko, nahiz eta orain soilik su-etena zaintzera mugatu.
Frantziak gaur egindako jarrera aldaketak ondorio diplomatikoak izan ditu: gaur bertan, Aljeriak Parisen duen enbaxadorea "berehala" erretiratuko duela iragarri du.
"Frantziako Gobernuak babes franko eta kategorikoa eman dio azkenean Mendebaldeko Saharari inposatutako erregimen kolonialari. Urrats hori Frantziako beste ezein gobernuk ez zuen beharrezkotzat jo aurretik, oraingoak arinkeria handiz hartu du erabakia, balizko ondorio guztiak argi eta garbi neurtu gabe", ohartarazi du Aljeriako Atzerri Ministerioak ohar batean.
Frantziak Espainiaren eta AEBen urratsak jarraitu ditu
Frantziaren jarrera aldaketa Espainiak bere kanpo-politikan antzeko mugimendu bat egin eta bi urtera gertatu da. Orduan ere, Pedro Sanchezen Gobernuak Marokoren autonomia-plana gatazka konpontzeko "oinarririk serioena, errealistena eta sinesgarriena" dela argudiatu zuen.
Era berean, 2020ko abenduan, Donald Trump AEBko orduko presidenteak Marokok Mendebaldeko Saharan zuen subiranotasuna aitortu zuen, Rabatek Israelekin zituen harreman diplomatikoak normalizatzearen truke. Tel Avivek ere Marokoren subiranotasuna aitortu zuen.