Itxi

Mundua

EKIALDE HURBILA

Gutxienez 12 pertsona hil eta dozenaka zauritu dituzte Libanotik Golango gainetara egindako erasoan

EITB Media

Suziri bat erori da herri druso bateko futbol zelai baten gainera, eta biktima gehienak haurrak eta gazteak dira. Israelek Hizbulari leporatu dio erasoa baina milizia xiitak erabat ukatu du bera izan denik. Gauean, Israelek Libano hegoaldeko hainbat herriren kontrako erasoa jaurti du.

0:41

Gutxienez hamabi pertsona hil eta dozenaka zauritu dituzte larunbat arratsaldean Libanotik Golango gainetara egindako eraso batean, Majdal Shams herrian. Bertako herritarrak drusoak dira, Israelek eskualdea okupatuta duen arren.

Suziri bat erori da Majdal Shams herriko futbol-zelai batean, Israelek okupatutako Golango gainetan (Siria), eta hildakoen eta zaurituen artean 10 eta 20 urte bitarteko haurrak eta gazteak daude, Dabiden Izar Gorria Israelgo larrialdietarako eta osasun laguntzarako zerbitzuak eta The Jerusalem Post egunkariak zabaldu dutenez.

Leherketak 30 zauritu eragin ditu, horietako 6 larri, 10 arin eta gainerakoak antsietate kuadroak izan dituzte, osasun zerbitzuen arabera.

Bestalde, Libanotik jaurtitako 30 bat jaurtigai atzeman dituztela ere esan dute Israelgo Indar Armatuek. "Aireko defentsako ehiza-hegazkinek hainbat misil geldiarazi dituzte. Gainerako misilak eremu irekian erori dira, eta ez dute biktimarik eragin", adierazi dute euren kanal ofizialean.

Hezbollah izan dela esan du Israelek, baina honek ukatu egin du

Israelgo Indar Armatuek Hezbollah Libanoko milizia islamistari leporatu diote erasoa: "Israelgo Defentsa Indarren egoeraren ebaluazioen eta daukagun inteligentzia informazioaren arabera, Majdal Shamsen erasoa Hezbollah erakunde terroristaren lana da". Militarren hitzetan, "Hezbollah dago Majdal Shams herriko futbol-zelaiara eroritako suziriaren atzean. Biktima asko eragin ditu, guztiak zibilak, haurrak barne".

Dainel Hagari Israelgo Armadako bozeramaileak adierazi duenez, "erantzuna prestatzen ari dira jada".

Israel Katz Israelgo Atzerri ministroak ere, telebistan egin dioten elkarrizketa batean, Hezbollahri egotzi dio erasoa. "Ez dago zalantzarik Hezbollahk marra gorri guztiak zeharkatu dituela", esan du, eta Benjamin Netanyahu presidenteak gaineratu duenez, "Hezbollahk gogotik ordainduko du".

Milizia islamistak, baina, ukatu egin du erasoa berak egin izana. Larunbat honetan Israel iparraldeko beste hainbat tokitan zazpi eraso egin dituela adierazteko erabili duen ohar berean adierazi du "erabat" gezurtatzen duela Majda Shamseko eraso baten inguruan "hainbat komunikabidek egindako salaketak", L' Oriente le Jour egunkariak jaso duenez. "Erresistentzia Islamikoak ez du zerikusirik gertakariarekin", azpimarratu du.

Egunkari horri adierazi diotenaren arabera, "Israelek berak jaurtitako aire-bidezko erasoak saihesteko jaurtigai bat" izan da futbol-zelaian erori dena, eta hala esan diote inguru horretan ikuskaritza lanak egiten dituen NBEko indarrei.

Gauean, Israelgo Armadaren hegazkinek Libano hegoaldeko hainbat herriren kontrako erasoak egin dituzte, ustez Hezbollahren kontrako erantzunean.

Libanoko Gobernuak erasoak eteteko eskatu du

Libanoko Gobernuak zibilen aurkako edozein eraso gaitzetsi, eta fronte guztietan erasoak eteteko eskatu du. "Zibilen aurkako erasoak nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmenak dira, eta gizatasun printzipioen aurkakoak", adierazi dute Gobernuaren ordezkariek.

Bestalde, Andrea Tenenti Nazio Batuen Erakundeak Libanon duen misioaren bozeramailearen hitzetan, "alderdiekin harremanetan gaude tentsioak murrizteko".

Israel eta Libano arteko mugak tentsio handia bizi du 2023ko urritik, eta 2006tik izan den egoerarik okerrena da gaur egungoa. Azken hilabeteetan 500 pertsona hil dituzte Libanon, gehienak Hezbollahkoak.

Israelek Sei Eguneko Gerran (1967) eta Yom Kipurreko Gerran (1973) kendu zizkion Golango gainak Siriari, eta 1981ean anexionatu egin zituen, nazioarteak onartzen ez badu ere. Trumpek Israelen subiranotasuna aitortu zuen 2019an.